Marketin digitalean sakontzeko ikastaro trinkoa antolatu du udal elkarteak

Urola Kostako Hitza 2016ko azaroaren 29a

Urola Kostako Udal Elkarteak marketin digitalari buruzko ikastaro trinkoa antolatu du urtarriletik apirilera bitartean. Azaldu dute herritarren ogibidea eta lanpostua edozein izanda ere, «berebiziko garrantzia» duela komunikazio eta marketin digitalaren arloko tresnak ezagutu eta erabiltzaile arrunt gisa menderatzeak. Era berean, langabezian dauden pertsonentzat ere oso tresna baliagarria dela uste dute. Ikastaroa langabezian dauden edo lanean ari diren 35 urtetik gorako eskualdeko herritarrei zuzendua egongo da. Urtarrilaren 13tik apirilaren 12ra bitartekoa izango da, 09:30etik 13:30era udal elkartearen egoitzan. Ikastaroa euskaraz edo gaztelaniaz izango da, taldekideen arabera. Hala ere, dokumentazioa eta materiala bi hizkuntzetan eskainiko dute. Izena ematea Ikastaroan parte hartu nahi duten herritarrek, abenduaren 16a izango dute izena emateko azken eguna. Horretarako, izena emateko eskabidea eta bertan zehazten diren dokumentazioa udal elkartearen egoitzan bertan aurkeztu, edo harrera@urolakosta.eus bidali behar dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide