Harri Handien Txapelketako finala jokatuko dute eskualdeko bost harri-jasotzailek

Urola Kostako Hitza 2016ko azaroaren 24a

Ostolazaren Eskolako Galarraga, Eizmendi eta Illarramendi. (Aiora Larrañaga/Hitza) Abenduaren 18an Harri Handien Euskal Herriko Txapelketako finala jokatuko da Asteasun, eta bertan izango dira eskualdeko bost harri-jasotzaile. Alde batetik, Ostolazaren Eskolako Jokin Eizmendi zarauztarrak, Aimar Galarraga oriotarrak eta Imanol Illarramendi Kortaberri aiarrak parte hartuko dute lehian. Baita, Aimar Irigoien harri-jasotzaile errezildarrak, eta Jon Unanue Goenatxo azkoitiarrak ere. Harri jasotzaileek lau harri erabiliko dituzte txapelketan, eta bakoitzarekin hiru minutuko lana egin beharko dute: 200-175 kiloko laukizuzena, 175-200 kiloko zilindroa, 150 kiloko kuboa eta 125 kiloko bola izango dira altxa beharko dituzten harriak. Harri Handien Txapelketa lehia "gogorra" da harri-jasotzaileentzat, eta abenduaren 18ko finalari begira, harri handiekin prestatzen eta entrenatzen ari dira eskualdeko harri-jasotzaileak azken astetan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide