Industria ondarearen zentroa Moilaberriko estazioan jartzea eskatuko du PSEk biharko plenoan

Baleike.Eus 2016ko azaroaren 24a

ZIIZ elkarteak proposatutako industria ondarearen zentroarentzat eraikin egokiena Moilaberriko estazioa dela adierazi du PSE-EEko zinegotzi Arritxu Marañonek. Turismo bulegoa ere eraikin berean kokatzea proposatuko du bihar plenoan aurkeztuko duen mozioan. ZIIZ elkarteak egindako eskaera da, eta EHBilduk ere bat egiten du proposamenarekin.

Moilaberriko estazioa.(Gorka Zabaleta) Urteak daramatza ZIIZ taldeak Zumaiako industria ondarea ikertzen. Bildutako dokumentazio guztia aztertu eta antolatu dute, eta hainbat ekimen gauzatu dituzte informazio hori guztia gizarteratzeko: erakusketak, ziiz.eus webgunea... Baina taldearen helburua beti izan da eduki hauei guztiei egoitza fisiko bat aurkitzea, Zumaiak industriarekin izan duen eta duen loturak hainbeste merezi duelakoan. Aukerak aztertu ondoren, iaz eskaera zehatza egin zion ZIIZek Zumaiako Udalari: Moilaberriko estazioan kokatzea industria ondarearen zentroa. Eraikina hutsik dago eta lotura zuzena du gaiarekin, garraiorako estazioa izan baitzen bere garaian (gero anbulatorio ere izan zen).

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide