Alex Uranga nagusitu da Itzurunen

Baleike.Eus 2016ko azaroaren 20a

Alex Urangak irabazi du gaur Itzurunen jokatu den Zumaia Bodyboard Pro 2016, Europako Zirkuituko proba.

"Itzurun gaur portatu da", esan du Alexek finala irabazi berri, pozez gainezka. "Aste zaila izan da guztiontzat, ez genekielako txapelketa jokatzerik izango zen, baina azken egunean olatu ederrak izan ditugu eta gozatu egin dugu uretan", jarraitu du. 2012an eta 2013an ere jokatu zen Europako Zirkuituko proba Itzurunen, eta orduan Pierre-Louis Costes nagusitu zitzaion. Munduko txapelduna faltan bota du gaur Alexek: "Hasiera batean etortzekoa zen, baina azken hartu-emanean esan zidan saihets bat minduta zeukala eta atseden hartzea erabaki zuela; pena bat izan da, gaur hemen ikuskizun are handiagoa izango genuke eta berarekin". Beste frantziar bat, Maxime Castillo izan da finalean Alex gehien estutu duena. Zumaiarrak saio ederra egin du, txapelketa osoan bezala, olatu guztiak bikain errematatuz. Castillok zailtasun gehiago izan du, batik bat, lekua berreskuratzeko, baina olatu batean finaleko puntuaketa altuena lortu du (9 puntu), eta txapela 6.75era eduki du hainbat minutuz. Castillok, ordea, leher eginda amaitu du, azken minutuak olatuen kontra lekua hartu ezinik pasa baititu. Finalera iritsi diren bi marokoarretatik Brahim Iddouch izan da onena finalean. Anas Haddarrek gogotik sufritu du, hotzari aurre egin ezinik. Gainontzeko zumaiarren artean, Alex Odriozola finalaurrekoetara iritsi da, baina finalean sartzeko gainditu beharreko azken koskan ez du zorte handirik izan. Kronika eta argazkiak ikusteko, bisitatu Baleike.eus.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide