"Euskaraz badaudela hitzak euriez, lainoez eta haizeez hitz egiteko...". (Zarauzkohitza.eus)
Aditu izan dugu inuitek badituztela ehun hitz baino gehiago elurra adierazteko; eta sinetsi egin dugu. Abisu eman digute hori ez dela horrela, kondaira ibiltari bat besterik ez dela, norbaitek zabaldu eta bolo-bolo gezurraren gurpilean pirritaka doan istorioa, baina, hala eta guztiz, guk sinesten jarraitu. Hain da poetikoa ehun izen edukitzea gauza bakar bat izendatzeko! Eta, nahi gabe, gure euskara koitadua datorkigu burura eta gutxitasun-sentipena bihotzera. Haiek ehun hitz badituzte elurrarentzat, zergatik ez guk ehun euriarentzat?
Izan, badugu hitz-zaparrada euriaren ingurua xehetasunez betetzeko. Esate baterako, euria mehea, aspergarria eta itsaskorra esateko hor ditugu
euri-bisutsa, euri-lanbroa, euri-narratsa edo
euri-lirdixka. Euri txikiari
zirimiri deitzeko ohitura dugu, baina zergatik ez
langarra,
lantzerra edo
lantxurda. Pasadakoan euri-tanta batzuk uzten dituen lainoari
euri-negarra dario, eta
langarra baino gehiago, baina zaparrada baino gutxiago da
euri-laprazta. Guk nahi ez edo guk nahi baino gutxiagoko euriari
euri-txistila, edo
xirrista deitzen diogu, eta zeharo nazkatu gaituenenari
euri-zirina.
Baditugu (joan berria zaigun asteak ekarri dizkigu gogora)
euri-kolpeak,
jasak,
sarrastadak eta
zaparradak eta
asetzen ez denarentzat, baita
erauntsiak ere.
Nik uste badirela nahikoa izen euriaren inguruan. Seguru asko ez ditugu ehun bilduko, baina nahikoa dira gure erabilerarako. Hortxe baitago benetako kakoa. Behar adina behar ditugu. Ez gehiago eta ez gutxiago. Eguneroko hizkeran behar ditugun adina.
Eguraldiaren hiztegi partikularren kontu hau joan den azaroaren amaierako fenomeno baten harira dator. Hor, egun pare batean sekulako lainoa izan zen Zarauzko ordeka-itsasertzean. Fenomenoa sortzen da tenperaturaren inbertsioa gertatzen denean, hau da, goietan epelago egiten duenean itsasertzean baino (ohikoa denaren alderantzizkoa). Goietako tenperatura altuagoek eragotzi egiten diete beheko aire heze eta hotzari gora igotzea eta goietan argi egonik ere behean laino egon ohi da, askotan eguerdiraino, eta egun berezietan, aipatutako urriko egun horietan gertatu zen bezala, egun guztian. Urdanetan 21ºC omen zeuden eta kosta-ertzean 16ºC. Kontua da, fenomeno horrek sortutako lainoari nola deitzen zaio?
Aita zenak
zerrazoia deitzen zion. Badakit ez dela izen itxurosoa oso, baina pentsatu nahi dut badela itsasoan ibilitako jendeen artean izen hori ezagutzen duenik. Dena dela, euskaldun bakoitzaren burmuinean filologo bat bizi denez, han geunden guztiok egin genituen geure ekarpenak, eta han agertu ziren
lanbro, bruma, gurma eta
behe-lainoak. Zumaiar bat bitarteko (geure txokoan berezia dena ere azaldu behar, bada),
taosa aipatu zen, baita
erreka-laino eta
terrala ere.
Esan nahi dut, euskaraz egon badaudela hitzak euriez, lainoez eta haizeez hitz egiteko; aukeratzean dagoela kontua. Esaterako, bada
laino-itsua deitzen dionik laino horri, eta ez didazue esango ez dela dotorea eta egokia.
Egokia aukeratzean dagoela kontua, diot bigarren aldiz, eta, alderantziz, zabarkeriak sortzen duela belarriko mina. Lehengoan, eguraldia adieraztekoan "iparreko osagaiko haizeak" aipatu zituzten. Esango nuke "
vientos de componente norte" gaztelaniaz ere ez dela oso zuzena, meteorologoen belarri zailduetan ez bada, baina ziur nago "iparreko osagaiko haizeak" oker dagoela, are gehiago "iparraldeko haizea" esatea nahikoa denean. Eta hitz hauek idazten ari naizen unean dabilen
ipar gaizto edo
ipar frantses haize mina ere hortxe sartuko nuke, iparraldeko haizeen artean, inongo osagairik gabe.