Eskualdeko arraunlariek abiatu dituzte entrenamendu saioak

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2016ko azaroaren 16a

Arraunak (Baleike) Traineru denboraldia udan jokatzen den arren, azaroan abiatzen dituzte entrenamenduak senior mailako arraunlariek. Astelehenean hasi ziren entrenatzen oriotarrak, neskak eta mutilak. Getariako mutilek pasa den astean ekin zioten lanari. Lehen hilabeteetan lan fisikoa egingo dute gehienbat, «jubenil mailatik hainbat gazte igo dira talde nagusira, baina saltoa handia izaten da, eta datozen hilabeteetan udarako prestatu behar dugu. Dena den, ateak zabalik ditugu arraunean egin nahi dutenentzat, ea talde polita osatzen dugun», dio Gorka Etxeberria Getariako entrenatzaileak Emakumezkoei dagokionean, aurtengo denboraldian ez dute osatu Getaria-Zarautz trainerua. Hainbat arraunlarik arrauna uzteko asmoa azaldu zuten pasa den denboraldi bukaeran, eta ez da bildu trainerua osatzeko nahikoa arraunlari. Horregatik, aurten ez da izango Getaria-Zarautz emakumezkoen trainerurik. Arraunean jarraitu nahi duten arraunlariek beste talde batzuetan jokatuko dute 2017ko denboraldian. Zarautz Arraun Elkarteko gizonezkoen traineruko kideak bestalde, joan den astean hasi ziren pixkanaka entrenatzen, eta larunbatean uretara ateratzeko asmotan dira. Aurten 16-18 taldea osatzea aurreikusi dute ZAEko arduradunek. Nesken trainerua gertu Telmo Deunekoak azaroaren 2an hasi ziren entrenamenduekin. Patxi Francesek eta Rafa Gonzalez Txabarrik gidatuko du aurten ere senior mailako taldea, eta A taldeko zenbait arraunlarik arrauna utzi dutenez, B ontzitik talde nagusira saltoa emango dute hainbat arraunlarik. Bestalde, denboraldi batez lehorrean egon ondoren, Zumaiako emakumezko trainerua 2017an uretan egon dadin pausu sendoak ematen ari dira. Oraingoz, dozena bat arraunlari bildu dira, eta arraun elkarteak deialdia egin du arraunean egin nahi dutenak azal daitezen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide