Europako bodyboardlari onenak bilduko dira asteburuan Itzurunen

Gorka Zabaleta 2016ko azaroaren 16a

Europako Zirkuituko bigarren proba jokatuko da ostiraletik igandera. Aurten emakumeen txapelketa ere jokatuko da. Uranga eta Costes dira faboritoak.

Maniobra ikusgarriak ikusteko aukera izango da Itzurunen ostiraletik aurrera. (Gorka Zabaleta) Bi urteko etenaren ondoren, Zumaiara bueltatuko da Europako Zirkuitua. Etzi hasi eta igandera arte, Europako rider onenak izango dira Itzurunen, tartean, munduko txapeldun Pierre-Louis Costes frantziarra. Costesek ederki ezagutzen ditu Itzurungo olatuak, berak irabazi baitzituen 2012ko eta 2013ko txa- pelketak. Baina etxekoek ez dizkiote lanak erraztuko. Alex Urangak denboraldi bikaina osatu du Munduko Zirkuituan, Brasilgo proba irabazi zuen, eta Zumaian txapela jantziz jarri nahi dio amaiera urteari. Eta Alex Odriozolak ere izango ditu bere aukerak. Guztira, 50-60 inguru izango dira parte-hartzaileak gizonezkoen txapelketan, tartean Frantzia, Portugal, Espainia, Maroko eta Euskal Herriko onenak. Hadar marokoarra, Carmo portugaldarra eta Castillo frantziarra dira kontuan hartu beharreko beste hiru izen. Baina aurten mutilak ez dira bakarrik egongo. Estreinakoz, emakumeen txapelketa ere antolatu dute Zumaian, eta dozenatik gora bodyboardlariren parte-hartzea aurreikusi dute; baliteke tartean izatea munduko txapeldun Alexandra Rinder. Zoritxarrez, Maddi Fernandez donostiarra min hartuta dago eta ezingo du parte hartu. Fernandez finalera iritsi zen Arcachonen (Frantzia), Europako Zirkuituko lehen proban. Zumaiako proba antolatzeko ahalegin berezia egin du ZISKEk. Aurreko bi urteotan txapelketa bertan behera utzi behar izan zuten, antolaketa lanei heldu ezinik; baina aurten gogoz eta indarrez berrituta, Europako Zirkuitua Zumaiara ekartzeko kapaz izan dira. Txapelketa antolatzeko behar izan diren 15.000 euroak lortzeko, babesleen laguntzaz gain, hainbat lan egin dituzte urtean zehar dirua osatzeko. "Bertakoentzat sekulako aukera da; duela hamar urte amestu ere ez genuen egiten horrelako proba batekin", azaldu du ZISKEko kide Andoni Izagak. Zumaiako hamar bat lagunek hartuko dute parte txapelketan. Itsasoak uzten badu, ostiral goizean hasiko da ikuskizuna.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide