(baleike.eus)
SOS Arrazakeria erakundeak abian jarritako egitasmoa da Bizilagunak eta zazpi urtetatik hona EAEko herri guztietan egiten da egun berean. Aurten azaroaren 13an egin da. Bertako eta atzerritik etorritako familien arteko harremanak estutzea du helburu. Bazkari baten bueltan bi familia (edo gehiago) elkartzen dira eta beraien esperientziak partekatzen dituzte. Bitartekari bat ere izaten da lekuko lanak egiten.
Zumaian bigarren urtea da era “antolatu” batean egiten dela; lehen koadrila giroan edo lagun talde artean egiten zen eta ez zen deialdi zabalik egiten. Azken bi urteotan, ordea, egin da deialdia herri mailan eta partaidetza handitu egin da. Zumaian bizi diren 25 familia inguruk hartu dute parte aurten, hamaika bazkaritan banatuta. Kasu batzuetan elkarteetan egin dira, baina gehienetan etxebizitzetan.
Ivonne Roblesek eta alaba Maddalenek Mina Attar eta bere alaba Inaz eta Cesar Soto gonbidatu zituzten bazkaltzera. Bitartekari lanetan, Amedeo Russo aritu zen. Honen seme Rafael ere bazkaltzen izan zen. Beste bazkarietan ez bezala, kasu honetan, Maddalen izan ezik, denak ziren atzerritik Zumaiara etorritakoak. “Maddalen da hemen jaio den bakarra”, zioen Ivonne-ek. Bere kasuan 13 urte daramatza Zumaian. “Lehen urtea Donostian igaro nuen eta gero Maddalenen aitak lan bat aurkitu zuen hemen, eta Zumaiara etorri ginen. Kasualitatez etorri ginela esan daiteke, baina gero herri honetaz maitemindu nintzen”.
Irakurri albiste osoa
baleike.eus webgunean.