Ezkerretik, Maider Ibarbia, Igor Iturain, Oier Korta eta Vanessa Garcia. (Baleike.eus)
Ostegun honetan, hilaren 17an, zabalduko ditu ateak Enplegu zentroak Zumaian. Zerbitzu berri hau Urola Kostako Udal Elkartearekin elkarlanean prestatu du Zumaiako Udalak. Eusebio Gurrutxaga plazako Zaharretxeko lehen solairuan txukundutako bi gelatan kokatuko da eta, printzipioz, hileko lehen ostegunean izango da zabalik, goizetan, 09:00etatik 13:00etara.
Langabezian dauden herritarrei eta enpresa bat zabaldu nahi duten lagunei zerbitzua ematea duela helburu adierazi dute udaleko eta Udal Elkarteko ordezkariek goizean egin den aurkezpen ekitaldian. Bertan izan dira Oier Korta Zumaiako alkatea, Urola Kosta Udal Elkarteko lehendakari Igor Iturain, enplegu zerbitzuko arduradun Maider Ibarbia eta laneratzeko teknikari Vanessa Garcia.
Bi zerbitzu desberdin eskainiko dira gune berean. Batetik, langabezian daudenei lan orientaziorako laguntza eskainiko zaie eta, bestetik, enpresa berria sortu nahi duten pertsonei, edo, dagoeneko martxan egonda, hobekuntzak ezarri nahi dizkietenei aholkularitza zerbitzua emango zaie. Hasiera batean hilean behin zabalduko ditu ateak eta izaten duen erantzunaren arabera erabakiko du Udalak zerbitzua areagotzen duen edo bere horretan mantentzen duen.
Jarraitu albistea irakurtzen
Balaike.eus atarian.