Biktimak gogoan, eskualdean

Urola Kostako Hitza 2016ko azaroaren 10a

Gaur, Memoriaren Egunean, askotariko ekitaldiak egingo dituzte Urola Kostako zenbait herritan, eta alderdi politiko guztietako ordezkariek egingo dute bat haiekin.

(E. Albizu Lizaso) Eskualdeko hainbat udalerritan bat egingo dute gaur, Memoriaren Egunean, giza eskubideen urrraketa jasan duten biktimak gogoratze aldera.  Eudelek deialdia egin du gaurko, eta harekin bat etorri dira hainbat udal, tartean, Zarauzkoa. Erakunde horrek bere egin du Eudelek Memoriaren Egunaren harira kaleratutako adierazpenarekin. Horren bidez, adierazi dute "inoiz ez direla ez gertatu ez justifikatu beharko gure arteko indarkeria eta terrorismo agerbideak", eta "giza eskubideak hautsi ditzakeen edozein mehatxuri sendo" egingo dietela aurre. Haien borondatea "bide baketsu eta demokratikoan sakontzea" da, "horixe baita formula bakarra elkarbizitza libre eta baketsu bat eraikitzeko". Herritarrak "iragana ez ahaztera"  gonbidatu dituzte, bereziki "biktimek jasandako ondorio lazgarriak ez ahaztera". Adierazi dutenez, "beharrezkoa da aitortzea euren mina eta pairamena ez zirela bidezkoak izan". Hala, biktimei "elkartasuna, hurbiltasuna, egia, aitortza eta erreparazioa zor" zaiela nabarmendu dute adierazpen horren bitartez. Gaur egingo dituzten elkarretaratzeek "elkarrizketa plurala" sustatzea dute helburu, Eudelek kaleratu duen testuaren arabera, eta baita "sekula errepikatu beharko ez den iraganeko hari buruzko gogoeta kritikoa ere". Horrenbestez, elkarbizitza ezartzeko "borondate eraikitzailea" partekatuko da, "ideia aniztasuna, oinarri demokratikoak eta giza eskubideen defentsa" oinarritzat hartuta. Zarautzen, eguerdian elkartuko dira udaletxearen atarian eta bost minutuko isilaldia egingo dute. Udal ordezkariak bost minutuz elkartuko dira Azkoitian ere. Kasu honetan, 18:00etan, Insausti jauregi aurreko lorategian, 2007ko martxoan inauguratu zuten Oroimenean eskulturaren ondoan. Ondoren, biktima guztiak oroituz, lore eskaintza egingo dute. Azpeitian hamar minutuko elkarretaratze isila egingo dute, 11:30ean, herriko plazan. Azpeitiko Udaletik adierazi dutenez, "gure herriak hamarkada luzeetan mota guztietako indarkeriak eragindako biktima guztiak omentzeko asmoarekin". Zumaiako Udalak ere bat egin du gaur "indarkeriaren eta terrorismoaren biktima izan diren guztien oroimena defendatu eta omentzeko". Hala, udaletxe aurrean bilduko dira udal ordezkariak, 13:00etan. Erreparazioa eta aitortza Orion,  gaurko ekitaldian irakurtzeko testu bat adostu dute udal talde guztiek. Bertan jaso dute "izandako biktima guztiak aintzat hartzen" dituztela, "gatazka honetan jazarpena bizi izan duten herritarrak direlako eta ez zuelako inoiz gertatu behar".  Orioko udal ordezkarien arabera, "biktima guztiek" merezi dute egia, justizia eta aitortza. "Kontziente gara herritarren bizikidetzan urtetan izandako indarkeriak eta terrorismoak eragindako kaltea oso handia dela eta samin ugari eragin dituela". Horrek herritarren artean "urruntasuna, bazterkeria, ezinikusia, beldurra, isiltasuna eta bestelako sufrimenduak" eragin ditu, eta "zauri sakon asko dagoela oraindik orbaindu gabe". Horretarako, "denbora eta lanketa handia" beharko direla diote, eta horregatik, Orioko Udalak bere alea jarri nahi du. Gogoratu dute aurreko agintaldian martxan jarritako taldeak gaur egun lanean jarraitzen duela, eta "konpromiso irmoa" berretsi duela "prozesu honetan batera aritzeko".  Zentzu horretan, pausoak ematen jarraitzeko asmoa adierazi dute. Adostutako testu hori irakurri ondoren, bost minutuko isilaldia egingo dute Orion, herriko plazan, 19:00etan. Getarian  ez dute ekitaldirik egingo aurten. Hala ere,  idatzi bat kaleratu du EH Bilduk, "memoria inklusiboaren norabidean" lan egiteko konpromisoa agertuz, "inor eta ezer albo batera utzi gabe, inolako biktimarik baztertu edo sailkatu gabe eta giza eskubideen aurkako inolako urrraketarik ahaztu gabe". Getariako EH Bildukoek adierazi dutenez, "memoria bateratu, poliedriko eta orotariko memorien bizikidetzan" sinisten dute, "inoiz berriz ez sendotuko duen memorian". Egun oraindik ere politika publikoetan biktima guztiak ez direla "maila berean" jartzen diote Getariako EH Bildukoek, eta "Espainiako epaitegietan hainbat biktimen aldeko aitortza eta erreparazio eskubidea errespetatzeko emandako urratsak ukatu" direla, "zehazki, estatuak sortutako biktimen kasuetan". Memoriaren Eguna  "giza eskubideen urraketa larrien inguruko egia osoa jakiteko" baliatu nahi du Getariako EH Bilduk, "ezagutzea ezinbestekoa delako aitortu ahal izateko". Horrekin batera, Memoriaren Egun hau biktima orok merezi duen justizia eskatzeko izatea nahi dute.  Izan ere, Getariako EH Bilduren esanetan, "aitortzak ezer gutxirako balio du, erreparazioaren norabidean urratsik ematen ez bada". "Iraganeko tragediak" ez errepikatzeko neurrien beharra aldarrikatu dute, "egia, justizia eta erreparazioa nahi" dituztela. Zarautzen, beste bat Hainbat urteetan bezala, Zarautzen beste ekitaldi bat egingo dute aurten ere, Memoriaren Egunarekin lotuta. Oraindik ere ez dute deialdi ofizialik egin—Udal Gobernu gisa egiteko asmoa dute—, baina igandean bertan izango dela aurreratu dute, Arrosaleda parkean, beste hainbat urtetan bezala.
Deialdiak herriz herri Azkoitia 18:00. Bost minutuko elkarretaratze isila, Insausti jauregiaren aurreko Oroimenean eskulturaren inguruan. Ondoren, lore eskaintza egingo diote eskulturari. Azpeitia 11:30. 10 minutuko elkarretaratze isila egingo dute udaletxe aurrean. Orio 19:00. Alderdi guztiek adostutako testua irakurriko dute, eta ondoren, bost minutuko isilaldia izango da, herriko plazan. Zarautz 12:00. Ellkarretaratze isila, udalatxe atarian. Zumaia 13:00. Elkarretaratze isila, udalatxe atarian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide