Lan jarduera lau hilabetez etengo du Lagun Artea enpresa taldeak

Gorka Zabaleta 2016ko aza. 8a, 19:09

Lan kargarik ez duelako eta kontratuei eusteko gaitasun ekonomikoa agortu zaiolako hartu du erabakia enpresa taldeak.150 pertsona ingururi eragingo dio etenaldiak.

Industrias Lagun Arteak Zumaiako Estazioko industrialdean duen lantegia. (Gorka Zabaleta) Lagun Artea enpresa taldeak lan jarduera lau hilabetez eteteko erabakia hartu du, lan kargarik ez duelako eta kontratuei eusteko gaitasun ekonomikoa agortu zaiolako, enpresako iturriek azaldu dutenez. Joan den asteazkenean egindako bileran jakinarazi zitzaien erabakia taldea osatzen duten 150 langile ingururi, eta atzo egun osoan bilduta egon ziren enpresako eta langileen ordezkariak, irtenbide ahalik eta adostuena bilatzeko. Krisialdi ekonomikoaren une txarrenak ustez atzean gelditzen ari diren garai hauetan etorri da albiste kezkagarria, Zumaiako enpresa handienetakoa baita Lagun Artea. Siderurgiarako makinak eta azpiegiturak egitea da bere jarduera nagusia, azken urteotan Euskal Herrian gogotik sufritzen ari den sektorea. Lagun Arteak ere zailtasun handiak izan ditu aurrera egiteko, baina bazuten burua altxatzeko itxaropena. Izan ere, bi kontratu garrantzitsu lortzeko itxaropen handiak zituzten, baina zoritxarrez ihes egin diete. Sidenorrek Basaurin egingo duen 35 milioi euroko inbertsioaren zati bat zen aukera garrantzitsuena. Azpeitiko Sarrallek lortu du kontratu handi horrek zeuzkan hiru zatietako bat (altzairugintzari dagokiona); gelditzen ziren beste bi zatietako batean zeuzkan esperantzak jarrita Lagun Arteak, baina azkenean Alemaniako enpresa batek eskuratu du kontratua. Gauzak horrela, lan kargarik gabe eta altxortegia zenbaki gorritan, lan jarduera lau hilabetez eteteko erabakia hartu du enpresako zuzendaritzak. Lan erregulazioak iraun bitartean, enpresa taldeko 150 langileek langabeziako saria kobratuko lukete (%100eko erregulazioa da). Lan jarduera etetearekin batera, enpresa taldeari aurrera egiten lagunduko dion inbertsore berri baten bila dabiltza. Hartu-emanak martxan daude, eta, enpresatik jakinarazi dutenez, industria sektoreko inbertsore baten bila dabiltza. Horrez gain, urtea amaitu bitartean beste hiru kontratu posible dauzkate esku artean. Lan horiek aurrera aterako balira, lan erregulazioari dagokionez egoera dezente aldatuko litzatekeela aitortu dute. Dena den, berdin-berdin jarraituko lukete inbertsore berri baten bila, enpresak hauspo ekonomikoa behar baitu aurrera egin ahal izateko. Egun osoko bilera Atzo goizeko 10:30etik aurrera bilduta izan ziren enpresaren eta langileen ordezkariak. Langileen aldetik, enpresa taldeko hiru adarretako ordezkariez gain, sindikatuetako aholkulariek —Lagun Artean sindikatuek ez daukate ordezkaritzarik, asanbladan antolatu dira beti— eta abokatuek parte hartu zuten bilkuran. Azken lan erreforma egin zenetik, enpresek ez dute langileen oniritzirik behar Lana Erregulatzeko Txostena aurkeztu eta indarrean jartzeko. Erabakia arrazoitzen duen txostena Lan Delegaritzan aurkeztu eta arauak eskatzen dituen urratsak betetzea nahikoa da egun batzuen buruan lan erregulazioa indarrean sartzeko. Baina bilera hauetan hainbat kontu adostu daitezke eta, batik bat, lan erregulazioaren ondoren enpresak dauzkan asmoen berri jakiteko balio dezakete. 1962an sortu zenetik, ibilbide garrantzitsua egin du Lagun Arteak, sektoreko enpresa aipagarrienetako bat bihurtzeraino. Gaur egun hiru adar nagusi dauzka: Industrias Lagun Artea (taldearen muina), Lagun Artea I+D (ingeniaritza lanak, besteak beste) eta Lagun Artea Service (bezeroei arreta, batik bat). Hiru adar hauen artean 150 bat langile dauzka lanean, gehien-gehienak zumaiarrak eta inguruko herrietakoak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide