Atzoko une bat. (Peio Romatet)
Duela aste batzuk,
2017an galdeketak egiteko azpeitiarren lekukoa hartu zuten zumaiarrek, azkoitiarrek, getariarrek, oriotarrek, zarauztarrek eta zestoarrek. Horren harira, “adin, jatorri eta ideologi desberdina duten Zumaiako hainbat herritarrek” Ontziratu talde eragilea eratu dute erabakitzeko eskubidea gauzatzeko helburuarekin. Taldearen aurkezpena egin zuten atzo, 20:00etan, Forondan.
Ontziratuko kideek esan zutenez, “Ontziraturen helburua ez da iritzi edo pentsamolde jakin baten alde edo aurka egitea, 2017ko udaberrian egingo den galdeketan herritar guztiek askatasun osoz parte har dezaten bitarteko izatea”, baizik. “Herritarren erabakiaren garaia da, gure herriaren geroa erabakitzeko garaia, eta herritar guztiak zeregin horretan ontziratzen ahaleginduko da Ontziratu”, azaldu zuten.
Sinadura bilketa
Ontziraturen lehen urratsa sinadura bilketa antolatzea izango da, herritarren babesa jasotzeko. Esan zutenez, gutxienez herritaren %10aren babesa lortu beharko dute, galdeketak zilegitasun osoa izan dezan. Hain zuzen ere, 1.000 sinaduratik gora jaso beharko dituzte.
Horrez gain, hainbat ekimen bultzatuko ditu Ontziratu taldeak “galdeketa egunean bozka ontziek gainezka egin dezaten”.
Talde eragileak zumaiar guztiei dei egin nahi izan zien datozen hilabetetan galdeketaren alde antolatuko dituzten ekintzetan parte hartzera.