Lauzpabost arraunlari falta dira emakumeen trainerua osatzeko

Gorka Zabaleta 2016ko aza. 1a, 10:00

"Etxeko arraunlari gazteei aukera emateko" ari dira beteranoak trainerua osatzeko ahaleginean. Senior mailako gizonezkoak, berriz, bihar hasiko dira entrenatzen.

Trainerila bakarrik ez, trainerua ere uretaratu nahi dute aurten emakume Zumaiako arraunlariek. (Gorka Zabaleta) Denboraldi batez lehorrean egon eta gero, 2017an Zumaiako emakumezkoen trainerua berriro lehian izateko pauso sendoak ari dira egiten arraunlari beterano batzuk eta arraun elkarteko zuzendaritza. Udatik ari dira taldea osatu nahian, eta azken pausoa baino ez zaie falta. Oraingoz dozena bat dira datorren urtean arraunean egiteko borondatea agertu dutenak, eta trainerua osatzeko beste lauzpabost lagun baino ez dira falta. Arraun Elkarteak deialdia egin du, arraunean egin nahi duena elkartera gertura dadin; baina, horrez gain, ari dira beste gestio batzuk egiten, talderik gabe gera daitekeen arraunlari bat edo beste Zumaiara ekartzeko. Dena den, elkarteko zuzendaritzan eta arraunlarien artean garbi daukate nagusiki etxekoekin eta etxekoentzat osatutako trainerua izango dela proiektu berria. "Etxeko arraunlari gazteei aukera eman nahi diegu trainerua ateratzeko, guri bere garaian eman zitzaigun bezala", azaldu dute klubetik. Emakumezkoen taldea ahalik eta lasterren osatu eta lanean jarri bitartean, senior mailako gizonezkoek bihar izango dute lehen entrenamendu saioa. San Miguel Ligatik jaitsi arren, orain arte egindako lanari segida eman nahi diote taldeko arduradun Patxi Francesek eta Rafa Gonzalez de Txabarrik. Laugarren denboraldia osatuko dute Telmo Deun zuzentzen. Arraunlariei dagokienez, aurten A ontzian ibili diren zenbait arraunlarik utzi egin dute arrauna, eta haiek utzitako hutsunea iaz B ontzian ibilitakoekin beteko da. Bigarren ontzia funtsezkoa da harrobiko lanean oinarritzen diren taldeentzat, eta Zumaiak bide horri eutsi nahi dio. Horregatik, urtero bezala, deialdi irekia egun du elkarteak, arraunean sekula egin ez duenari ere ateak irekiz. Bestalde, badira aste batzuk harrobiko arraunlari gazteenak lanean dabiltzala. 12 eta 17 urte arteko arraunlari asko bildu dira aurten ere, Urola barnealdekoak horietako asko.  Datu oso ona da Telmo Deunen etorkizunerako.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide