Gerra sufritu zuten zumaiarren historia ikertuko du Aranzadik

Gorka Zabaleta 2016ko urriaren 24a

1936ko Gerra Zibileko oroimen historikoa lantzeko hitzarmena sinatu dute Zumaiako Udalak eta Aranzadik. Hiru urte barru aurkeztuko dute emaitza

Aranzadiko Eneko Sanz, Oier Korta alkatea eta Aranzadiko Javi Buces. (baleike.eus) Gerra eta gerraosteko errepresioa zeinek sufritu zuten ikertuko du Aranzadik, Zumaiako Udalarekin hala adostuta. "Oroimen historikoa berreskuratzeko egingo dugu lan, gerran eta frankismoan errepresioa jasan zutenen historia ikertuko dugu", zehaztu du proiektuko arduradun den Javi Buces ikerlariak. "Haiei guztiei, emakume, gizon, haur, gazte eta helduei aitortza bat zor diegu; eta gizarteak bezalaxe, Zumaiako Udalak ere bere erantzunkizuna du memoria historikoaren eta bizikidetzaren alorrean", azaldu zuen Oier Korta alkateak atzo eguerdian egindako aurkezpenean. Aranzadi dagoeneko hasi da ikerketa lanekin. Hainbat artxibategi eta dokumentazio zentrotan egingo dute bilaketa, baina hori bezain garrantzitsua da zumaiarren lekukotzak jasotzea. "Etxeetan gordetzen diren familiako istorioak, gertaerak, objektuak, argazkiak, oroitzapenak... Hori guztia ezagutaraztea oso garrantzitsua da benetako historia jakin dadin", adierazi du Bucesek. Eta informazio hori guztia bildu ahal izateko bulegoa zabalduko dute gaurtik aurrera. Turismo Bulegoan egongo da, eta zerbait kontatzeko duen edonor gertura daiteke, bere ekarpena egitera. Ikerketa egiteko datorren urte osoa hartuko dute, eta gero materiala lantzeari ekingo diote, liburu bat osatzeko helburuarekin. Baina egindako lana ez da soilik orrietan geldituko. Ikastetxeekin ere egin nahi dute lan. "2017an zehar, ikasturte honen barruan, eskoletara joango gara nerabeei azaltzera zer gertatu zen Zumaian duela 80 urte, ikertzeaz gain transmisioa ere oso garrantzitsua delako".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide