Urola Kostako hainbat herrik 2017an galdeketak egiteko Azpeitiaren lekukoa hartu dute

Urola Kostako Hitza 2016ko urriaren 19a

Datorren udaberrian egingo dituzte galdeketak Azkoitian, Getarian, Orion, Zarautzen, Zestoan eta Zumaian. Gaur jaso dute Azpeitian galdeketa antolatu zuen Hitzartu elkarteko kideen lekukoa, galdeketara bidean urratsak ematen hasteko.

Urola Kostako herrietako ordezkariak, Azpeitiko plazan. Azkoitiak, Getariak, Oriok, Zarautzek, Zestoak eta Zumaiak 2017ko udaberrian herri galdeketak egiteko lekukoa jaso dute Azpeitiaren eskutik. Gaur, asteazkena, arratsaldean plazan egin dute agerraldia Urola Kostako herri horietako Gure Esku Dago taldeetako eta galdeketa antolatzeko espresuki sortutako taldeetako kideek. Joan den ekainaren 5ean Azpeitian egin zen galdeketa antolatzeko sortutako Hitzartu elkarteko kideek herri bakoitzeko ordezkari banari eman diote lekukoa; hautestontziak eman dizkiete, lekukoa pasatzea irudikatuz. Laxaro Azkune Hitzartuko kideak hartu du hitza agerraldian, eta hark esan duenez, "erabakitzeko eskubidea aldarrikatzetik gauzatzera igarotzeko, eremuz eremu erabakiaren bidea" jorratuko dute. "Erabakitzeko eskubidea guztion topalekua da. Subiranotasun edo herri antolaketa auziak modu baketsuan, demokraziaren arauak jarraituz eta herritarron parte hartzean sakonduz bideratu behar dira, aukera guztiak errespetatuz eta posible eginez, erabakiak herritarron borondatean eta nahieran oinarrituz", azaldu du Azkunek.
Azpeitian egin zuten gisan, eta berme moduan, sinadurak bilduko dituzte sei herrietan, eta gutxieneko bat lortu ondoren deituko dute ofizialki galdeketa, tokian-tokian. Galdeketak antolatzerakoan, Gure Esku Dagoren protokoloa jarraituko dute. Urola Kostako sei herri horietan 56.000 lagun bizi dira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide