Hondakinen tasa %8 garestiago izango da 2017an. (Gorka Zabaleta)
Datorren urtean zumaiarrek udalari ordaindu beharreko zergak eta tasak arautzen dituen ordenantza onartu berri du Udalbatzak, EAJren eta PSEren aldeko botoekin, eta EH Bildukoen kontrakoekin. Irizpide nagusia tasak eta zergak ez igotzea izan den arren, badaude gorabeherak zenbait kasutan: urarena, hondakinena, Kirol Patronatukoa, Ludotekakoa eta Udalekuetakoak igo egingo dira; aldiz, jaitsiera nabarmena izango dute etxez etxeko laguntza zerbitzuaren prezioek, eta hobari handia izango dute gutxi kutsatzen duten autoek. Tasa berriak ere ezarri ditu Zumaiako Udalak datorren urterako: Aitzuri pilotalekua erabiltzeko, filmatze lanetarako eta Ardantzabiden aparkatzeko.
Udaleko agintariek arrazoitu dutenez, zenbait kasutan tasak igo egin behar izan dituzte, "urtetik urtera pilatutako defizitari aurre egiteko, udal aurrekontuetan oreka bilatze aldera". Nabarmenak dira Ludotekaren eta Udalekuen kasuak: Udalekuen defizita %71,81ekoa da eta Ludotekarena, berriz, %87,53koa. Azken bi urteotan udal zergak eta tasak ez dira igo, baina bai hainbat gastu. Honako hauek dira 2017rako igoko dituzten tasak: ura %1; hondakinak %8; Kirol Patronatuko ikastaroak %1, eta bazkide kuota %1,42 (3 urtetik 21 urtera artekoei ez zaie igoera hori ezarriko); Udalekuetako hileko kuota 5,40 euro igoko da; eta Ludotekako urteko kuota 7 euro.
Jaitsi diren udal tasak
Baina badira jaitsiko diren udal tasak ere. Aipagarriena, etxez etxeko laguntza zerbitzuen prezioan onartu dute. Gaur egun, lanegunetan, 21,29 euro ordaindu behar dira, eta jaiegunetan 22,87 euro. Zerbitzu horren premia duten zumaiar askok uko egin behar izaten diote, garestiegi iritzita. Eta okerrena da erregulatu gabeko zerbitzu merkeagoetara jotzen dutela. Arazoari aurre egiteko, Zumaiako Udalak erabaki du tarifak nabarmen jaistea. 2017an lanegunetan 17,50 euro ordaindu beharko da orduko, eta 18,50 euro jaiegunetan.
Horrez gain, Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta edo Gizarte Larrialdietarako Laguntza jasotzen duten unitateetako seme-alabek ez dituzte Kirol Patronatu, Ludoteka eta Udalekuetako tasak ordainduko, zerbitzu horiek doan jasoko dituzte.
Beste berrikuntza bat: gutxi kutsatzen duten ibilgailuek hobaria izango dute. Aukera honen barruan sartu dituzte azken urteotan merkaturatu diren hainbat ibilgailu mota: elektrikoak, hibridoak, erregai piladunak, gas naturalarekin dabiltzanak... Ezaugarrien arabera, %40 eta %75 arteko hobaria izango dute trakzio mekanikoko ibilgailuen zergaren kuotan.
Tasa berriak
Tasa berriak ere sortu ditu udalak, zerbitzu eta premia berriei erantzuteko. Esate baterako, Aitzuri pilotalekua erabiltzeko tasak ezarri ditu. Tabernaren ardura nork hartuko duen laster erabakiko dute, lehiaketara hiru hautagai aurkeztu ondoren —zumaiarrak hirurak—.
2017tik aurrera, San Telmo ermitan ezkontzea posible izango da 49,17 euro ordainduta. Orain arte ez zegoen hura arautzen zuen tasarik.
Filmatze lanei ere ezarri zaie tasa berria: 300 euro (eguneko eta kokalekuko) irabazpidezko helburua dutenean; 150 euro (eguneko eta kokalekuko) irabazpidezko helburua ez dutenean, eta euskaraz direnean.
Azkenik, Ardantzabiden aparkatzeagatik ordaindu beharreko tasak ere onartu dituzte. Egoiliarrentzat, lehen txartelak 15 euro balio du, eta bigarrenak 25. Era berean, tarifak ezarri dituzte bigarren bizitokia dutenentzat (15 eta 25 euro), auzoan negozioa dutenentzat (15 eta 30 euro), eta enpresetako ibilgailuentzat (30 euro). Mugikortasun murriztua duten ibilgailuentzat doan izango da.
EH Bilduren ezezkoa
Bi izan dira ordenantzari emandako ezezkoa arrazoitzeko EH Bilduk emandako argudioak. Lehena, hutsik dauden etxebizitzei ez zaiela gain-zergarik ezarriko; bigarrena, hondakin organikoa bereiztea ez dela hobari bidez sarituko. Hondakinen tasa %8 igotzeko prest agertu da koalizioa, baldin eta bosgarren edukiontzia erabiltzen dutenei %7,4ko hobaria aplikatuz gero. Udal Gobernuak ez du proposamena onartu, edukiontzia benetan nork erabiltzen duen ziurtatzeko modurik gaur egun ez dagoela arrazoituz: "Giltza edukitzeak ez du bermatzen erabiltzen denik; agian aurrerago posible izango da jakitea nork erabiltzen duen, eta orduan posible izango da hobariak eskainzea".
Bosgarren edukiontzia nork erabiltzen duen eta nork ez kontrolatzeko sistema bat aztertuko du udalak datorren urterako, eta konpromiso horri heldu dio PSE-EEko zinegotzi Arritxu Marañonek %8ko igoera ontzat jotzeko: "Hondakin gutxiago sortzen dutenak eta birziklatzen dutenak saritzeko modua bilatu behar dugu".