Itzurun errespetatzea eskatu dute dozenaka herritarrek

Baleike.Eus 2016ko urriaren 8a

Itzurunen jokatzen ari diren Zumaiako Surf Txapelketak geldiunea izan du gaur, larunbata, eguerdi parean. Surflariek deituta, herritar talde handi bat gerturatu da hondartzara Itzurun errespeta dezaten eskatzera. Argazki bat aterata egin dute aldarrikapena.
Ostegun honetan Santelmopera bidean zegoen harrizko horma bat kendu izanak bultzatu ditu surflariak deialdi hori egitera. Game of Thrones telesaileko grabazio ekipoa pasatzeko kendu dute horma hori, eta erabakiak mina eta haserrea eragin ditu herritarren artean. Ostegunean bertan egin zuten Ziskeko surflariek gaur argazkia ateratzeko deia eta erantzuna zabala izan du. Argazkia atera aurretik, Itzurun errespetatu idatzi dute hondarretan. Esaldi horren atzean kokatu dira argazkia ateratzeko zeuden dozenaka lagunak. Protesta egitasmoa baino lehen, Itzuruneko sarreran zegoen pankarta bat kendu dute udaltzainek eta ertzainek. Geoparkea, diru parkea irakur zitekeen pankarta hartan. Kentzen ari zirela, han inguruan ziren pertsona batzuk txaloka aritu dira. Herritar batek argazkia atera du eta ertzain batek kamera arakatu dio.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide