Eredu berriak eskaintzen

Eider Bereziartua 2016ko urriaren 7a

Gipuzkoak beti izan du lotura estua zinemarekin. Horren erakusle dira zineklubak. Horiek, ohiturak utzi, eta beste zinema mota batera gerturatzen dute ikuslea.

Paradisu Zinemako kideak. (Eneritz Albizu Lizaso) Amaitu da uda, eta hasi da ikasturtea. Errutinara itzuli dira haurrak eta baita helduak ere. Horixe bera egin dute Gipuzkoako hainbat zineklubek ere. Esate baterako, atzo hasi zuen urtea Azpeitiko Paradisu Zinema zineklubak: Stesti film txekiarrarekin eman zion hasiera denboraldiari, Soreasu antzokian. Zumaiako Ostarrena zineklubak ere laster zabalduko ditu ateak; hain zuzen ere, urriaren 20an itzuliko da zinema aretora, Fusi film islandiarrarekin. Gipuzkoak aspalditik du harreman berezia zinemarekin. Horren erakusleetako bat da urtero-urtero irailean Donostian egiten den Zinemaldia. 64. aldia izan da aurtengoa, eta urteotan milaka aktore eta film pasatu dira Donostiatik. Hala ere, zinemarekiko lotura hori Zinemalditik haratago doa. Zinekluben kultura oso hedatua dago lurraldean. Dozenaka herrik dute beren zineklub propioa; besteak beste, OZ zinema zinekluba daukate Errenterian, Zinetogram Azkoitian, Paradixu Zinema Zarautzen, Goieniz Beasainen eta Ongarri Elgoibarren. Gipuzkoako Zinekluben Elkartea (Giziel) ere badago, baina ez du ekintza askorik egiten. Ondorioz, ez dago Gipuzkoako zineklub guztiak jasotzen dituen zerrenda ofizialik. Azpeitian eta Zumaian, esate baterako, urteetan egon da zinekluben kultura hori. "Guk 25 urte inguru daramatzagu zineklubarekin", azaldu du Cruz Mari Manzisidorrek (Zumaia, 1969), Ostarrenako partaideak. "Lehenagotik ere bazegoen, baina zinema itxi zuten eta…", jarraitu du. Maite Azpiazu (Azpeitia, 1983) Paradisu Zinema zineklubeko kidea da, eta gogoratu duenez, Azpeitian lehenengo zineklubak 30 urte-edo egin zituen, 2005. urtera arte. "Ondoren, Soreasu antzokia eraberritzeko itxi zutenean, hainbat lekutan saiatu ginen filmak ematen. Trantsizio urteak izan ziren". Joan den urtean sortu zuten Paradisu Zinema, eta "berriz serio lanean" hasi ziren. Jarraitu erreportajea irakurtzen, Gipuzkoako Hitzaren webgunean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide