Etorkizuneko Zumaia marrazteko 79 proiektu jasotzen ditu Plan Estrategikoak

Baleike.Eus 2016ko irailaren 29a

Herriaren gaur egungo diagnosia egiteaz gain, etorkizuneko Zumaia eraikitzeko 79 proiektu jasotzen ditu, lau ildo nagusitan sailkatuta. Proiektuak gauzatzeko epeak eta gutxi gorabeherako aurrekontuak ere zehazten ditu dokumentuak.

Oier Korta alkatea, EHBilduko zinegotzi Alex Oliden eta Elhuyarreko kideak, atzoko aurkezpenean. (Baleike.eus) 1990eko hamarkadan landu zen aurreko Plan Estrategikoa eta, hura agortuta, herriaren norabidea markatuko zuen gida liburu berria behar zuela ohartuta zeuden udaletxean. Aurreko legealdian jarri zen prozesua martxan, Udal berriak bere egin zuen eta, prozesuari zenbat aldaketa eginez eta urtebete luzeko lanketaren ondoren, atzo aurkeztu zuten emaitza. Bidean, ia 200 herritarrek hartu dute parte, eta 18 bilera egin dira herriaren diagnosia eta etorkizuneko erronkak zehazteko. Udalbatza osatzen duten talde politiko guztiek hartu dute parte lanketan, eta udal teknikariek ere bai. Emaitza: lau ildo nagusitan sailkatuta 18 helburu estrategiko eta 79 proiektu. Proiektu guztientzat kalkulatu dute gutxi gorabeherako aurrekontua, eta epeak ere jarri dituzte egutegian. "Jaso diren proiektuetako asko martxan daude dagoeneko, eta beste batzuk etengabe landu beharrekoak dira", aipatu zuen Oier Korta alkateak. Proiektuen artean mailaketa bat ere egin dute, lehentasunak ezarri dituzte. "Ez da erraza izan, denak iruditzen zaizkigulako garrantzitsuak, baina lehentasunak ezarri behar dira eta ariketa hori ere egin dugu", arrazoitu zuen Kortak. Gainera, herriaren gaineko ikuspegiaz, Udalaren eta herritarren artean sintonia handia dagoela azpimarratu zuen: "Guk ikusten ditugun erronkak eta herritarrek ikusten dituztenak ildo beretik doaz; eta alderdi politikoen artean ere adostasun handia egon da, ez da ika-mika handirik egon". Ikusi albiste osoa Baleike.eus webgunean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide