‘Inklusioa formatu txikian’ lanarekin hasiko da Zumaiako antzerki zikloa

Gorka Zabaleta 2016ko irailaren 29a

Telmo Irureta eta Xanti Agirrezabala aktoreak Aita Mariko oholtzan ikusteko aukera izango da bihar. Bederatzi antzezlanekin osatu dute antzerki zikloaren 20. aldia.

(ATEA konpainia) "Denok gara ezberdinak, baina denok daukagu funtzio bat gizartean, denok egiten dugu gure ekarpena". Hala definitu du Telmo Irureta aktoreak bihar antzerki zikloa zabalduko duen obra: Inklusioaz, formatu txikian. Zumaiarrak eta Xanti Agirrezabala azpeitiarrak antzeztuko dute Aita Mari aretoan, 22:00etatik aurrera. Udazkena antzezlanez beteko duen zikloko lehena baino ez da izango antzezlan hori. Hogei urte badira Zumaian udazkenero momentuko antzerki lan interesgarrienetako batzuk ikusteko aukera dagoela, eta aurten ere bederatzi izango dira guztira. Esate baterako, abenduan Francoren Bilobari Gutuna antzezlana ikusi ahal izango da — Artedrama, Dejabu eta Le Petit Theatre de Pain taldeen elkarlanak emandako fruitu berria—; estreinatu eta berehala ekarriko dute Zumaiara. Borobil teatroa haurrentzat prestatzen ari den Gu izeneko lan berria ere abenduan eskainiko dute Aita Mari aretoan. Zumaiako hogeigarren antzerki zikloko lan gehienak euskaraz izango dira, baina gaztelaniaz ere programatu dituzte zenbait obra Aita Marin: Hey Bro! Hipster show komedia, esate baterako.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide