Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Joan den astean dagoeneko 12 ziren prest agertutako arraunlariak
Aurten Zumaiako emakumeen trainerurik ez da izan uretan, baina zenbait arraunlari ez dira geldirik egon. Batel eta trainerilen denboraldia Zumaian egin zuten, eta gero beste traineru batzuetan (Orion, Hibaikan...) osatu dute uda partea; baina, Zumaian berriro taldea osatzeko itxaropena galdu gabe. Abuztuan egin zuten lehen bilera lehendik maila gorenean ibilitako zenbait arraunlarik eta denboraldi berrirako jubeniletatik senior mailara pasatuko direnek, eta han ikusi zuten bazegoela taldea osatzeko aukera. Klubarekin ere bildu dira orduz geroztik eta denak lanean jarri dira trainerua berriro uretan egon dadin. Joan den astean dagoeneko 12 ziren prest agertutako arraunlariak.
Arraun Elkarteko presidente Anjel Etxanizen iritziz, badago oinarria: «Nik uste dut baietz, taldea osatzea lortuko dugula; aurkeztu direnak gogotsu daude eta falta direnak ekarriko ditugula pentsatzen dut».
Beste bi urtez presidente
Hilaren 28an egingo du arraun elkarteak zuzendaritza berria aukeratzeko batzarra. Gaur egun lanean ari den zuzendaritza taldeak baino ez du aurkeztu hautagaitza; beraz, oker handirik ez bada, Anjel Etxanizek jarraituko du presidente: «Beste bi urtez jarraituko dut postuan, eta gero beste batzuk etor daitezela lanera. Gure helburu nagusia hasieratik izan da klubaren zorra kitatzea, eta hori lortzeko bidean gaude».
Gizonezkoen traineruei dagokienez, oraindik ez dakite arraunlarien asmoen berri: «Ostiralean bilduko gara denekin. Espero dugu gehienek jarraitzea, azken urteotan egindako lanari segida emateko, talde honek oraindik hazteko aukera handiak dauzkalako». Bileraren ondoren, afaria egingo dute.