Zumaian jarri dute gaur karpa. (Baleike.eus)
Herritarrek Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2017ko aurrekontuetan eragiteko ekimena jarri du martxan Aldundiak. Horren baitan, herriz herri dabilen karpa ibiltaria jarri du Aldundiak Zumaian, gaur. Imanol Lasa Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramailea izan da bertan egitasmoa aurkezten. Bihar, asteartea, Azpeitiko Olazko Andre Mariaren Plazan jarriko dute karpa 10:00etatik 13:30era eta 15:30etik 19:00etara. 12:30ean Lasak prentsaurrekoa eskainiko du. Ostiralean, berriz, Zarauzko Kale Nagusian jarriko dute karpa Azpeitiko ordutegi berdinean.
Karpa ibiltariaren helburua foru aurrekontu proposamenaren inguruan herritarren iritzia jasotzea da. 16 urtetik gorako gipuzkoarrek daukate parte hartzeko eskubidea eta, horretarako, hiru bide jarri ditu Aldundiak: etxez etxe banatutako eskuorriak, Internet (
Gipuzkoa.eus atariko Partaidetza ataleko
webgune honetan) eta bihar Azpeitira iritsiko den karpa ibiltaria. Aldundiak urriaren 14a arte jasoko ditu herritarren ekarpenak.