EAJ izan da indar bozkatuena Urola Kostan, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan. 15.128 boto lortu dituzte jeltzaleek eskualdeko 11 udalerrietan. Bigarren indarra, berriz, EH Bildu izan da, 13.503 bozekin. 3.357 botorekin, Elkarrekin Podemos izan da hirugarren bozkatuena. Haien ostean, 2.027 boto lortu ditu PSE-EEk, 1.176 PPk eta 258 Ciudadanosek. Parte-hartzeari dagokionez, %64,46koa izan da eskualdeko zifra. Getarian izan da parte-hartze handiena, bozkatzeko eskubidea zuten bizilagunetatik %72,92 joan dira hauteslekuetara. Parte-hartze baxuena, berriz, Errezilen izan da: %60,85ekoa.
EAJ bost udalerritan izan da indar bozkatuena: Azkoitian, Aian, Orion, Zarautzen eta Zumaian. EH Bildu, berriz, sei udalerritan izan da lehen indarra: Aizarnazabalen, Azpeitian, Beizaman, Errezilen, Getarian eta Zestoan.
Elkarrekin Podemos indartsu sartu da eskualdeko mapa politikoan, eta horrek ekarri du alderdi nagusiek botoak galtzea. Eusko Legebiltzarrerako azken hauteskundeekin alderatuz gero, EAJk nahiz EH Bilduk galdu dituzte bozak. EAJk 772 boto galdu ditu, baina EH Bildurena eta PSE-EErenak izan dira beherakada nabarmenenak, 1.545 botokoa eta 1.453koa, hurrenez hurren. Gainontzeko alderdiek ere behera egin dute.
Eskualdeko bi lagun izango dira, beraz, Eusko Legebiltzarrean. Arantza Tapia Zumaiako bizilaguna, EAJtik; eta Pili Zabala Zarauzko bizilaguna, Elkarrekin Podemosetik.
Ikusi herriz herriko emaitzak: