Dena ez da olagarroa patatekin

Gorka Zabaleta 2016ko irailaren 20a

Errezeta tradizionalak baztertu gabe, pentsa daitekeena baino joko gehiago ematen du olagarroak sukaldean. Lau errezeta berri proposatu dituzte Olarro Egunean.

Jaime Llano sukaldaria, eskuinean. (Gorka Zabaleta) Olagarro zopa santelmoetan eta olagarroa patatekin Olarro Egunean. Ia derrigor bete beharreko erritua da zumaiarrentzat, behintzat urtean behin, olagarroarekin prestatutako marmitako modukoa eta olagarro lehorrarekin egindako edabea —norberak jar diezaiola adjektiboa— dastatzea. Zortzi abizen euskaldun izateak baino gehiago balio du Zumaian bi errezetak sukaldatzen jakiteak. Bada, olagarroa patatekin prestatzen onenak Inaxio Manterola eta Maite Olasagasti izan dira aurten. Natur Taldearen izenean hartu zuten parte larunbatean Torreberriko estalpean egin zen lehiaketa gastronomikoan, beste hamar talderekin batera. Baina usadiozko bi errezetez aparte, olagarroak eskaintzen ditu aukera gehiago. Hala demostratu zuen ostiralean Asturiastik etorritako laukoteak. Jaime Llano sukaldaria buru, olagarroarekin prestatutako lau errezeta berritzaile sukaldatu zituzten jende aurrean: oldi entsalada olagarro carpaccioarekin;?olagarro erro kurruskaria; fabeak olagarroarekin eta lepapearekin; eta kinoa, olagarroa eta atxiotearekin. Konbinazio bitxiak azalpenak adi-adi jarraitu zituztenentzat, baina denak ere gehienen gustukoak, dastatu ondoren entzundako komentarioen arabera. Harrigarria Zumaiako harraldean hain erraz topa daitekeen codium alga motaren lanperna zapore eta testura, edozein entsaladari itsas ukitua emateko osagai paregabea; deigarria kinoak hartzen duen indarra olagarroa egosteko uretan egiten bada; hiru izarretakoa fabe, olagarro eta txerri lepapearen arteko konbinazioa; eta azken proposamena: olagarroa, langostinoak, edo barazkientzat gabardina kurruskariena osatzen dute Japoniako tenpura irinak eta panko ogi birrinduak. Batel estropada Batel estropada izaten da Olarro Eguneko beste osagai ezinbestekoa. Aurten gizonen artean Eterna izan da azkarrena, Turbo Deunek baino 12 ehuneneko gutxiago eginda; eta Txistorra taldeak eraman du emakumeen bandera, alde handiagoz. Eguraldia saiatu zen eguna goizetik zapuzten, baina olagarro patatekin bezain Zumaiakoa da festetan euria egitea.  
Errezeta berritzailea : Fabeak Olagarroarekin Osagaiak sei lagunentzat. 500 gramo fabadako fabe;?250 gramo txerri lepape fresko; kilo bat olagarro;?tipula, azenario eta porru bana; hiru baratxuri ale. Nola egin. Fabeak egosi urarekin, barazkiak osorik jarrita eta lepapea ere sartuta, gutxi gorabehera bi orduz, babarrun kopuruaren arabera. Hozten direnean, berezita jarriko ditugu alde batetik fabeak, bestetik lepapea, ondoan barazkiak eta azkena olagarroa. Lepapea laukitxoetan moztu, olagarroa zati erregularretan, eta barazkiak xehatu olagarroa egosteko erabilitako ur pixka batekin. Bukatzeko, jarri zartagin bat sutan, eta ondo bero dagoenean, bota lepape zatiak;?gorritzen direnean jarri olagarroa, minutu batean salteatu, xehatutako barazkien saltsa gehitu eta fabeak ere bai. Irakiten jarri eta nahikoa gatz duen ikusi. Koilararekin jateko moduan geratu behar dute. Fabeari buruz. Asturias aldeko babarrun berezi batzuk dira, adierazpen geografiko bidez babestuak. Jaime Llano sukaldariak dioenez, babarruna krematsu eta aldi berean osorik egon dadin,  kare gutxiko urarekin egosi behar da. Kare kopurua murrizteko, egostean azenarioa erabiltzea gomendatzen du. Oso garrantzitsua, baita ere, koipedun jakiekin egostea, fabea behar bezala samurtu dadin. Eta azken gomendioa: fabea (edozein babarrun) beti likidoarekin estalita gorde, bestela azala ireki eta hautsi egiten da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide