Udal elkarteak 11 lagun kontratatuko ditu, eta deialdian izena emateko epea zabalik dago

Urola Kostako Hitza 2016ko irailaren 16a

Urola Kostako Udal Elkartearen egoitza. (Hitza) Urola Kostako Udal Elkarteak hamaika lagun kontratatuko ditu: mantentze lanetako enkargatu bat eta zortzi peoi, enpresa arloko teknikari bat enpresen informazio eta geolokalizazioaren arloa jorratuko duena, eta beste bat lan arriskuen prebentzio arloa landuko duena. Kontratu guztiak sei hilabetekoak eta lanaldi osokoak izango dira, luzatzeko aukerarik gabe, eta azaroan eta abenduan hasiko dira langile berriak lanean. Lan eskaintza Enplegua Sustatzeko Planaren barruan egina dago, eta lehentasuna izango dute emakumeek, Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen dutenek eta 55 urtetik gora dituztenek: kontratatuko dituzten bost langile emakumeak izango dira, lau diru-sarrerak bermatzeko errenta titularrak eta beste lau 55 urtetik gorakoak. Izan ere, deialdiaren xedea lanerako zailtasun bereziak dituzten pertsonen enplegagarritasuna handitzea da aldi baterako lan esperientziaren bidez. Deialdian parte hartzeko ezinbestekoa da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan langabe gisa inskribatuta egotea, eta Aian, Getaria, Orion, Zarautzen edo Zumaian erroldatuta egotea. Lan eskaintza deialdian parte hartu nahi dutenek  irailaren 30a baino lehen aurkeztu beharko dituzte eskabidea eta eskatzen diren dokumentuak udal elkartearen egoitzan. Hala ere, udal elkarteak informazio saioak egingo ditu herritarei lan eskaintzaren inguruko informazioa emateko. Astelehenean (irailaren 19an) 11:00etan udal elkartearen egoitzan, eta asteartean (irailaren 20an) Zumaiako Alondegian 18:30ean.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide