EH Bilduren mitina Azpeitian. (Julene Frantzesena)
Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde kanpainaren barruan mitinak antolatu ditu EH Bilduk Getarian eta Zarautzen astebururako eta solasaldia antolatu dute Aian.
Ostiral iluntzean egingo dute lehen saioa Aian. 19:00etan hasita hezkuntza izango du hizpide EH Bilduko Rebeka Ubera hautagaiak Aiako Kultur Etxean. LOMCE, Heziberri proiektua eta beste hainbat gai jorratuko ditu, eta Euskal Herriak behar duen hezkuntza ereduaren inguruan hausnarketa egingo du.
Ostiral iluntzean bertan Getarian mitina egingo du EH Bilduk; 20:00etan hasita mitin ibiltaria egingo dute Jone Mugerzak, Naiara Carvajalek eta Pello Urizarrek herrian barrena. Hainbat gai jorratuko dituzte herriko txoko desberdinetan.
Lehen geldialdia Aldamar parkean egingo dute eta bertan turismoa izango dute hizpide. Gero, Kale Nagusira abiatuko dira eta Nafarroako plakaren aurrean burujabetzaz arituko dira. Handik Hartzapera joango dira eta jasangarritasuna izango dute hizpide, eta azkenik plazan amituko dute ibilbidea parte-hartzeari buruz hitz eginez.
Igandean mitina Zarautzen
Bestetik, igandean Zarautzen egingo du EH Bilduk Urola Kostako ekitaldi nagusia. Munoa plazan izango da mitina 12:30etik aurrera, baina 11:30ean hasita pintxoak eta edaria eta musika izango da eremuan. Ekitaldi nagusian Maddalen Iriartek eta Laura Mintegik parte hartuko dute.
Getariako EH Bildutik bizikleta martxa eta ibilaldia antolatu dituzte Zarauzko mitin nagusira joateko. Koalizioko kideak 11:30ean frontoian elkartuko dira, denak batera Zarautza joateko.