Patxi Frances donostiarrak Zumaiako klubarekin duen konpromisoa erakutsi du, beste behin. 1980ko hamarkadan Telmo Deuneko arraunlari izandakoak, Zumaiako trainerua entrenatzen jarraituko du datorren denboraldian ere. Harekin segituko du Rafa Gonzalez de Txabarri prestatzaile fisikoak ere.
Zumaiako traineruak maila galdu du aurten, baina arraun elkarteko zuzendaritza gustura agertu da Telmo Deunek egindako lan duinarekin. Hondarribiko estropadan txanda irabaztea ere lortu zuten Zumaiakoek.
Arraun Elkarteak jakitera eman duenez, «balorazio oso ona» egin du Frances eta Gonzalez de Txabarri egiten ari diren lanaz, eta biek jarraitzea «albiste oso ona» da Zumaiako arraunarentzat. Elkarteak gaineratu duenez, biak ere «oso pozik» daude Zumaian jarraituko dutelako. «Oso gustura ari dira lanean, eta bi gauza nabarmendu dituzte: arraunlarien konpromisoa, eta zuzendaritzak ematen dien babesa lanean lasai jarraitzeko», azaldu du elkarteak.
Laugarren denboraldia egingo dute Francesek eta Gonzalez de Txabarrik Zumaiako Arraun Elkartean. 2014an, KAE 1 ligan bigarren geratu zen Zumaia, lau bandera irabazi eta gero. San Miguel ligara igotzeko kanporaketa jokatu zuten arraunlariek Francesen lehen denboraldian, eta ez zuten igoera lortu.
2015ean ere bigarren izan zen Telmo Deun KAE 1 ligan, eta beste lau bandera irabazi zituen. Igotzeko kanporaketan ere nagusi izan zen, bi jardunalditan onena izanda, eta San Miguel ligara igo zen Zumaia.
Urtebete besterik ez du egin lehen mailan, baina azken unera arte lan eginda utzi du maila.