Espainiako txirrindulari itzulia eskualdetik pasatuko da etzi

Urola Kostako Hitza 2016ko abuztuaren 31

Espainiako Itzulia 14:00ak inguruan sartuko da eskualdera; Zumaitik, N-634 errepidean barrena, Oriora iritsiko dira txirrindulariak, eta Orion Bentako bidea hartuko dute gero.

Txirrindulariak Orio zeharkatzen Euskal Herriko Itzulian. (Aiora Larrañaga) Espainiako Itzuliaren 13. etapa ostiralean pasatuko da Urola Kostatik, eta txirrindularitza zaleek nazioarte mailako txirrindularirik onenak eskualdeko errepideetan barrena ikusteko aukera izango dute. Ostiralean, irailaren 2an, Bilbotik abiatuko dute 13. etapa txirrindulariek eta Nafarroako Urdazubi-Dantxarinean amaituko dute ibilbidea. Bidean N-634 errepidetik igaroko dira, eta Zumaia, Getaria, Zarautz eta Orio zeharkatuko dituzte; ondoren, Orion Igeldorako bidea hartuko dute. Antolatzaileek zehaztu dutenez, itzuliko etaparik luzeena izango da etzikoa, denera 214 kilometro osatu beharko dituzte parte-hartzaileek. «Txirrindularientzat nekagarria, hankak hausten dituen horietako etapa izango da». Denera lau gain igo beharko dituzte, eta horietako aurrenekoa Orio eta Igeldo mendia lotzen dituena izango da; 5,3 kilometroko malda igo beharko dute, batez beste %6,3 aldapa duena. Aldaketak zirkulazioan Espainiako Itzuliko 13. etapa N-634 errepidetik pasatuko denez, zirkulazioan hainbat aldaketa izango dira ostiral eguerdi partean, Urola Kostako kostaldeko herrietan. Alde batetik, Zumaia eta Zarautz arteko N-634 errepidea ibilgailuentzat itxita izango da 13:15etik 14:30era. Ondorioz, Getariako Udaletik jakinarazi dute, errepide nagusia moztuta egongo denez, Herrerieta kaletik gora dauden ibilgailuak soilik irten ahal izango dutela herritik denbora tarte horretan. Gainera, Zarautzen zirkulazio arazoak egoteko arriskua dago, eta Getariako Udalak herritarrei gomendatu die Meaga-Iraeta-Zumaia errepidea hartzeko eta autopistako Arroako sarrera-irteera erabiltzeko. Bestalde, Orio parean N-634 errepidea zirkulazioari moztuta egongo da, 13:30etik lasterketako parte-hartzaile guztiak pasatu bitartean. Beraz, ordu garai horretan ezin izango da Oriora sartu, ezta atera ere. Oriotik Donostiara joateko Igeldoko bidetik pasatuko dira txirrindulariak, eta Orioko Udaletik jakinarazi dute, errepide hori zirkulazioari itxita izango dela 09:00etatik 16:00etara bitartean. Auzotarrek 11:00ak bitartean erabili ahal izango dute errepide hori.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide