Irailaren 5ean eman beharko da izena 'Juego de Tronos' telesailean parte hartzeko lan poltsan

Urola Kostako Hitza 2016ko abuztuaren 30a

Interesa duenak Alondegira bertaratu beharko du 11:00etatik 17:00etara bitartean.

Urriaren 26an hasiko dira grabaketak Zumaian.

Duela hilabete jakinarazi zuen Zumaiako Udalak Juego de Tronos (Game of Thrones) fikziozko telesail ospetsua Zumaian grabatuko dutela urriaren 26tik aurrera. Orain adierazi du, ekoizpenean parte hartu ahal izateko lan poltsa jarriko duela grabaketaz arduratzen den ekoiztetxeak datorren astelehenean, irailaren 5ean. Lan poltsan izena eman nahi dutenek Alondegira bertaratu beharko dute astelehenean 11:00etatik 17:00etara bitartean. Bertan, fitxategi bat bete beharko dute beren ezaugarri eta datu pertsonalekin. Behin hori eginda, ekoiztetxea bera arduratuko da behin betiko hautaketa prozesuaz. Udalak jakinarazi duenez, lagun ugari beharko dira askotariko lanak betetzeko. Besteak beste, lorezain atrezzorako, zamalanetarako, garbiketarako eta segurtasunerako pertsonal postuak eskainiko dituzte. Segurtasunari dagokion hainbat postutan titulu profesionalaren agiria (TIP) aurkeztu beharko dela gaineratu dute. Halaber, Udalak jakinarazi du, figurante bezala parte hartu nahi dutenek, www.facebook.com/modexporinternacional helbidera jo beharko dutela, non, datorren egunetan, casting-ez arduratzen den enpresa berak iragarriko dituen izen emate epea eta hautaketa prozesuan parte hartu ahal izateko bete beharreko baldintzak eta ezaugarriak. Amaitzeko, Udalak azpimarratu du, aurrerantzean ekoiztetxea bera izango dela lan poltsaren zein behin betiko hautaketa prozesuaz arduratuko dena. Itzurungo prestaketa lanak Era berean Udalak azaldu du, Itzurungo prestaketa lanak irailaren 12an hasiko direla. Hala ere, azpimarratu du, muntai lan hauek ez dutela hondartzarako sarrera oztopatuko eta kantinaren jarduerak normaltasunez jarraituko duela herritarrei zerbitzua eskaintzen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide