Iñigo Peña: "Ohore bat da zumaiar izatea"

Baleike.Eus 2016ko abuztuaren 24a

Zumaiarren omenaldia jaso zuen atzo arratsaldean Iñigo Peña piraguistak. Rioko Joko Olinpikoetatik zuzenean iritsi berri, herritarren merezitako txaloak jaso zituen Fielatotik Kofradiako plazara egindako bidean.

Arratsaldeko zortziak aldera iritsi zen atzo Iñigo Peña Zumaiara. Riotik Madrilera egin zuen bidaia goizaldean, eta han zain zituen Itxas-Gaineko lagunak, furgonetan sartu eta Zumaiara ekartzeko. Fielato parean jaitsi zen furgonetatik, eta han jaso zituen senide, lagun eta herritarren lehen besarkadak, bostekoak eta musuak. Itxas-Gaineko piraguistek ezker-eskuin lagunduta, Kofradiako plazarainoko bidea egin zuen txarangarekin. Behin plazan, aurreskua dantzatu zioten eta, lore sorta jaso ondoren, Kofradiako balkoira igo zen. Rioko hiru estropadak gogoratu zituen Arritxu Iribarren galderei erantzunez, eta pozik azaldu zen lortutako bosgarren postuarekin. Finalaren egunean, Beheko plazan jarritako pantaila handiaren berri proba bukatu bezain pronto izan omen zuen: "Berriako kazetaria zegoen finalean, eta proba bukatu zenean hemen Zumaian bere lankide batek [Julen Aperribai kazetari zumaiarrak] grabatutako irudiak erakutsi zizkidan. Benetan hunkigarria da niretzat zumaiarrak nirekin gozatzen dutela jakitea; ohorea da niretzat zumaiar izatea". Jokoetatik bueltan, datozen asteotan atseden hartzea baino ez du buruan Iñigok, baina Arritxuk zirikatu du 2020ko Jokoetarako. Plazan bildutako jendeak hitza eman zuen, lau urte barru ere han izango dela Iñigori Tokiotik bueltan ongi-etorria egiteko. Erronkari ezin ezetzik esan, Iñigo!

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide