Iñigo Peña piraguista zumaiarra K-4 1.000 metroko A finalera sailkatu zen atzo, Espainiako selekzioarekin. Javier Hernanz, Rodrigo Germade, Oscar Carrera eta Iñigo Peñaren ontzia bigarren izan zen finalaurrekoan eta, ondorioz, A finalerako txartela lortu du.
15:12ean jokatuko dute finala Alemania, Txekiar Errepublika (bi hauek sailkatze estropadan lortu dituzte postuak), Australia, Portugal, Serbia, Eslovakia eta Frantziaren kontra. Zumaiako Udalak pantaila erraldoia jarri du Beheko Plazan herritarrek norgehiagoka zuzenean jarrai dezaten, 15:00etatik aurrera.
Bere aldetik, Ainhoa Murua zarauztarra gaur 16:00etatik aurrera lehiatuko da emakumezkoen triatloian. Sare sozialetan adierazi zuenez, lesionatuta dago baina irteeran egon egongo da. Bukatzea ia ezinezkoa egingo zaiola aitortu zuen, "ahal duen guztia ematen" saiatuko dela. Zarauzko Triatloi Taldeak bazkaria antolatu du Izeta sagardotegian, eta pantaila erraldoia jarriko du sagardotegian, zarauztarraren proba ikusi eta triatloilariari animoak emateko.