Baleike.eus- Zarauzko Hitza
Iñigo Peña piraguista zumaiarra kide duen K-4ak gaur arratsaldean izango du Rioko jokoetako lehen estropada. 1.000 metroko K-4ean aurretiazko estropada 14:59an izango da. Bigarren kanporaketan hartuko du parte Espainiako selekzioko ontziak. Txanda horretan aurkari Italia, Errusia, Txekiar Errepublika, Hungaria, Argentina eta Serbia izango dituzte. Ordubete geroago jokatuko dira bi finalaurrekoak.
Gaurko estropaden ondoren final handira pasatzen bada, 15:12an izango du estropada bihar. Bestela, kontsolazioko estropada korritu beharko du, 15:04an. Hori dela eta, Zumaiako Udalak pantaila erraldoia jarriko du bihar Peña animatzeko, 15:00etatik aurrera Beheko Plazan.
Baleike.eus-i eskainitako elkarrizketan argitzen ditu Peñak bere helburuak.
Larunbatean, berriz, Ainhoa Murua zarauztarraren txanda izango da. Arratsaldean lehiatuko da emakumezkoen triatloian, 16:00etatik aurrera. Triatloilariak jokatuko dituen laugarren Olinpiar Jokoak izango dira, Atenas, Pekin eta Londresen ondoren. Londresen zazpigarren postuan sailkatu zen; hori izan da Olinpiar Jokoetan eskuratu duen emaitzik onena. Hori gainditzea "zaila ikusten" zuela aitortu zion Zarauzko Hitzari, eta
"konforme" geratuko dela duen guztia ematen baldin badu.
Babesa ez zaio faltako. Poyete Channelekoek hura animatzek maillot-ak atera dituzte eta Zarauzko Triatloi Taldeak babesa eskaini eta proba zuzenean jarraitzeko hitzordua antolatu du larunbaterako, Izeta sagardotegian.