Dagoeneko egin daiteke eskaera Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetarako posta bidezko botoa emateko. Gaur ireki dute aukera, eta atzerrian bizi diren pertsonek edo boza ematera joan ezin dutenek
abuztuaren 25a bitartean eska dezakete. Irailaren 25ean izango dira
EAEko bozak.
Hautes-mahaietan egon behar duten herritarren
zozketak abuztu bukaeran egingo dituzte udaletxeetan, eta
irailaren 1a eta 3a artean emango zaie haien berri herritarrei.
Espainiako estatuan bizi direnak, udalerrian ez daudenak edo ezintasunen batengatik hautes-mahaira joan ezin dutenak honako urratsak jarraitu behar dituzte skaera egiteko:
- Botoa emateko eskaera orria bete. Correoseko bulegoetan daude, eta Internet bidez ere jaitsi daiteke. Gaurtik hasi, eta irailaren 25a artean egin behar da eskaera.
- Irailaren 5a eta 18 artean, eskaeran zehaztutako helbidera iritsiko dira beharrezko izapideak.
- Gutunean, aukeratutako boto-papera eta hautes-erroldako ziurtagiria sartu, eta irailaren 21a baino lehen hautes-mahaiko helbidera bidali behar da, ziurtatutako gutun bezala. Bidalketa doakoa da.
Aldi baterako atzerrian bizi direnek:
- Eskaera orria kontsulatutik jaso edo Internetetik deskargatu.
- Papera bete, eta dagokion kontsulatura eraman. Paper horrekin batera, boto-paperak jaso nahi dituzun helbidea eraman behar da. NANa edo pasaportea eraman behar da boto-emailearen nortasuna egiaztatzeko.
- Ondoren, boto-paperak bidaliko dituzte aurrez zehaztutako helbidera, abuztuaren 30etik irailaren 5era. Boto-emaileak irailaren 22a baino lehen bidali beharko du aukeratutako boto-papera eta errolda agiria hautes-mahaira. Correosetik bidali behar da, gutun ziurtatuan.
Antzeko jarraibidea dute
atzerrian modu iraunkorrean bizi diren pertsonek. Internetetik deskargatu dezateke haiek ere eskaera orria, eta Probintziako hauteskunde batzordera bidali behar dute, NAN edo pasaportearen fotokopiarekin. Gainontzean, aldi baterako atzerrian bizi direnen prozedura bera erabiliko da. Dena den, modu iraunkorrean atzerrian bizi direnek aukera dute botoa, korreoz bidali beharrean, kontsulatuan bertan emateko.