'Inmersion' izeneko argazkia izan da Zumaiako lehiaketako irabazlea. (Javier Pedro Fernandez Ferreras)
Zumaiako XXVIII. argazki lehiaketako sariak banatu zituzten ostiralean, Alondegian. Zuri-beltzezko argazkietara mugatutako lehiaketa da. Aurtengo gaia Zazpi itsasoak izan da. "Lehiaketa honek duen berezitasunetako bat da gai bat ematen dela eta horren inguruan egin behar dutela lan. Aurten, Aita Mariren heriotzaren urteurrena da eta egokia ikusi genuen gai hori", azaldu zuen Distirako kide Jorge Murgiondok.
Guztira, 137 lan aurkeztu dira, "Espainiako estatu osotik bidalitakoak", esan dute. Epaimahaia uztailaren 15ean bildu zen erabakia hartzeko. Epaimahaikideak Asier Garagarza, Oskar Gascon, iazko lehiaketako irabazlea, eta Pilar Aguayo izan dira. Sari banaketa ekitaldian adierazi zutenez, bi ordu luzez izan ziren eztabaidatzen erabakia hartzeko.
Javier Pedro Fernandez Ferreras argazkilariaren Inmersion lana izan da epaimahaiaren ustez onena. "Thailandian atera nuen argazkia. Hango tribu batekin egon nintzen eta haiek txikitatik ikasten dute urpean ibiltzen, ia oinez egiten baino lehen. Olympus kamera txiki bati karkasa jarri nion eta harekin atera nuen argazkia. Karkasa ia kamera bera baino garestiagoa atera zitzaidan!", adierazi du irabazleak.
Bigarren saria Miguel Planellsek irabazi du En las tinieblas izeneko argazkiarekin. Gironakoa da argazkilaria eta ez zen sari banaketan izan. "Ia amaierara arte berea zen guretzako argazki onena, estilo hori asko gustatzen zaigulako, baina denbora pixka bat hartu genuen berriro pentsatzeko eta ikusi genuen Ferrerasena hobea zela".
Hirugarren saria, berriz, Luis Martinez Aniesak irabazi du La Concha lanarekin. "Egunero ibiltzen naiz paseatzen inguru horretan eta argazkiak ateratzeko aprobetxatzen dut. Eguzkia ezkutatzen hasten den momentuan hartuta dago eta figura horiek irlak izatea nahi izaten dut", kontatu zuen Aniesak. "Saria emateko arrazoia izan da oso desberdina dela besteekiko; margo itxura ere badu", adierazi zuten epaimahaikideek.
Zumaiarraren saria Luis Francisco Llavori Romatetek jaso du Bakardadean izeneko lanarekin. "Talaimendin nenbilen orkidea batzuei argazkiak ateratzen eta belaontzia ikusi nuen. Esango nuke argazki bakarra atera niola, horixe", esan zuen argazkilari zumaiarrak.
Saritutako lanekin eta lehiaketara aurkeztutako beste batzuekin erakusketa muntatu dute. Abuztuaren 15era bitartean izango da zabalik, egunero, 18:30etik 20:30era.