Final gogor eta borrokatua izan zen lau pilotariek atzo, igandea, eskainitakoa. Goikoetxea eta Enbil ziren faborito, baina Olhak eta Etchetok gogotik zaildu zizkieten lanak. Iparraldeko bikoteak hobeto ekin zion finalari, zumaiarrak artean partidan erabat sartu gabe ziren, baina lehen setak aurrera egin ahala agertu zen Goikoetxea, atzean Enbilek beti ondo babestuta. Zumaiarrek buelta eman zioten markagailuari, finaleko tantorik onenak orduan eskainiz.
Bigarren setean gehiago nabaritu zen bi bikoteen nekea. Etcheto eta Olha behin eta berriro saiatu ziren pilota atzeko zulora bidaltzen, eta han izan zituen estuasun handienak Enbilek. Olha eta Etcheto aurretik ziren markagailuan, baina beste behin, tanto erabakigarrietan zumaiarrek asmatu zuten, eta bigarren seta eta finala beraientzat izan ziren.
Hirugarren eta laugarren posturako partidan, berriz, Olharan eta Inzak irabazi zuten 15-14 eta 15-11, Egiguren II.a eta Erkiagaren aurka.