Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Haien arabera, txosten ekonomiko-juridikoa eskatu dute Urola Kostako Udal Elkarteko Zuzendaritza batzordean eta EAJk eta PSE-EEk "herritarrei informazioa ukatzen jarraitzeko asmoa erakutsi du".
Errauste plantak eskualdean ekonomikoki izango duen eraginak "asko kezkatzen" duela dio Urola Kostako EH Bilduk, "finkatu beharko diren tasetan azpiegitura honen ordainketa jaso beharko delako". Urola Kostako Udal Elkartea Gipuzkoako Hondakinen Kontsorzioko kidea da eta bertan hartutako erabakiek "eragin zuzena" dute herritarrengan, koalizioaren arabera. Eskualdeko herrien hondakinen bilketa bateratua ari da lantzen udal elkartea eta, estatutuak aldatzeaz gain, finantzaketa azterketa teknikoa ere egin behar dela dio EH Bilduk. Finantzaketari lotuta, EAJ eta PSE-EE eragin hori "ezkutatzen" ari direla salatu du, eta galdetu du ea nola ordaindu behar duten Urola Kostako herritarrek Zubietan egin nahi duten errauste plantaren 1.200 milioi eurotik gorako kostua. "Zein igoera izango du gure tasetan?", jakin nahi dute.
Urola Kostako EH Bilduk UKUEko Zuzendaritza batzordean eskatu du txosten ekonomiko-juridikoa: "Eskualdeko herritarrek garbi izan behar dute hurrengo 35 urtetan zein zulo ekonomikotan sartu nahi gaituzten, eta hondakinak kudeatu eta tratatzeko beste aukera batzuk aztertzeko bideak jorratu beharko lirateke".
"Karga ekonomiko erraldoia"
Zuzendaritzan gehiengoa du EAJ-PSE-EEk eta "inongo txostenik egiteko aukera" ukatu egin duela salatu du EH Bilduk. Hori "erantzun benetan larria" da haren arabera, "edozein agintarik halako neurriko erabaki baten aurrean beharrezkoak diren txosten guztiak izan behar bailituzke norabide bat hartu aurretik. Udal elkarteak herritarren interesen defentsan jardun beharko luke eta eskualdeko herritarrengan izango dituen ondorio ekonomikoak aztertu aurretik, UKUEk ezin du hala erabakirik hartu".
"Arduragabekeria, itsukeria eta jarrera inpostatzaile honekin, herritarrei informazioa ezkutatzen ari dira EAJ eta PSE-EE, eta urte luzerako karga ekonomiko erraldoira kondenatu nahi gaituzte, bestelako aukerei bizkar emanez", diote. "Beharrezkoa ez den eta gutxi batzuen negozioak laguntzeko sortuko den azpiegitura hori bultzatzu, herritarren osasun, ongizate eta poltsikoen kaltetan ari dira, benetako ondorioak ezkutatuz".