‘Jokoak. Materiala eta erronka’ erakusketaren aurkezpen ekitaldia. (Oskar Moreno Genaro)
Urola Kostako herriak Euskal Herriko historian zeresana eman duten kirolarien sorterri izan dira, eta ekarpen hori agerian utzi du Olatz Gonzalez Abrisketa antropologoak Donostiako San Telmo museoarekin elkarlanean sortu duen erakusketan. Euskal Herriko sei joko adierazgarrienak bildu ditu Jokoak. Materia eta Erronka izeneko erakusketa batean: pilota,harri-jasotzea, enbor-moztea, sega, idi-dema eta arrauna. Bakoitzeko kirolari esanguratsuen erreminta eta objektu pertsonalak bildu eta museoaren Laborategia atalean ikusgai jarri ditu; tartean, eskualdeko hainbat kirolarik utzitako materiala.
Horrez gain, kirol horiek amankomunean dituzten hainbat kontzeptu ere jorratzen dira erakusketan, azken hamarkadetan jasan duten bilakaera ulertzeko: erronka, lehia, garaipena, publikoa eta plaza.
Eskualdeko kirolariak
Orio izen garrantzitsua izan da Euskal Herriko arraun tradizioan, eta tartea badu erakusketan. Orio Arraunketa Elkarteak hiru objetu utzi ditu erakusketarako. Alde batetik, Joxe Garate arraunlariaren elastikoa; arraunlari horrek Kontxako bandera irabazi zuen Oriorekin 1952an. Bestetik, Oriok 1970ean irabazitako Kontxako Bandera, eta Orio Arraun Elkarteko 1946ko kartela ORIO dispuesto a defender el prestigio del remo guipuzcoano dioena.
Bestetik, Jose Luis Korta oriotarraren egurrezko arrauna ere ikusgai dago San Telmon. Korta lehen arraunlari profesionala izan zen, eta gaur egungo arraunketan figura garrantzitsuenetako bat da; guztira Kontxako 17 bandera irabazi ditu arraunlari, patroi eta entrenatzaile moduan hainbat elkarterekin.
Arraunaz gain, eskualdeak tradizio handia izan du beste hainbat herri kiroletan ere, eta horien inguruko objetuak ere bildu dituzten erakusketan. Juan Jose Unanue Goenatxo harri-jasotzaile azkoitiarraren gerrikoa; Zesta Puntako Banakako txapelketa hamar aldiz eta Binakako Txapelketa bost aldiz irabazi duen Iñaki Osa Goikoetxea zumaiarraren Miami Jai-Alaiko elastikoa. Joxe Ramon Iruretagoiena Izeta II-aren harri esferikoa, eta Jose Ignacio Orbegozo Arria II.aren aizkora; azpeitiarra 70eko hamarkadan aizkora munduan figura garrantzitsua izan zen, lau aldiz izan zen munduko txapelduna.
Erakusketa urriaren 12ra dago San Telmo Museoaren Laborategian, eta sarrera doakoa da.