Orioko emakumezkoen trainerua. (Joxemari Olasagasti)
Pasa den asteburua gorriz markatuta zuten emakumeen traineruek, Euskotren liga jokatzeko sailkapen estropadak izan baitituzte larunbatean eta igandean. Hiru postu zeuden jokoan; San Juanek ziurtatuta zuen tokia iaz liga irabazi zuelako, eta gainontzeko zazpi taldeek beste hiru postuengatik lehiatu behar izan dute. Azkenean, Hibaikak, Cabok eta Orio Arraunketa Elkarteko emakumeek lortu dute gorengo ligan jokatzeko txartela. Larunbatean Orion izan zuten erlojuaren kontrako estropada; emakumezkoek jokatu zuten lehenengo, eta ondoren San Miguel ligako estropada izan zen. Oria ibaiaren ingurua jendez bete zen arraun norgehiagoka bertatik bertara ikusteko, eta giro ederra izan zen plaza inguruan.
Emakumezkoen lehian San Juanek lortu zuen bandera irabaztea. Bigarrena izan zen Hibaika, eta Oriokoak hirugarren postuan sailkatu ziren. Oro har oriotarrak «gustura» daude egindako lanarekin, astebururako markatuta zuten helburua bete baitute. Dena dela, sentipen gazi-gozoa ere badute. «Helburua lortu dugu, edozer gertatu zitekeen asteburuan eta Euskotren ligarako sailkatu gara. Larunbatean lan ona egin genuen, baina igandeko estropadan hobeto ibili gintezkeela uste dugu, atzean geratu baiginen», azaldu du Itzir Olasagasti Orioko arraunlariak. Larunbatean, lehen hiru traineruak bederatzi segundoko tartean sailkatu ziren; igandean, Donostian San Juan baino 23 segundo gehiago behar izan zituzten Orioko arraunlariek ibilbidea osatzeko.
Asteburuko emaitzak ikusita lanean gogor jarraitzeko indarrez daude Orioko traineruko neskak. «San Juanek eta Hibaikak oso maila ona dute. Batez ere, San Juanek, begiz jota duen hitzorduetan asmatu egiten baitu. Gu ez gaude beraiengandik oso urrun, eta lanean jarraitu behar dugu denboraldian zehar lan txukuna egiteko».
Euskotren ligarako sailkapenean laugarrena izan zen Cabo trainerua Getaria-Zarautzen aurretik, eta eskualdeko trainerua Euskotren ligaren atarian geratu da.
Portugalete kaleratua
Emakumeen estropadaren ondoren gizonezkoen San Miguel ligako estropadak jokatu ziren. Orioko estropada hau ere erlojuaren aurkakoa izan zen, eta Hondarribiak irabazi zuen bandera; liga hasi zenetik bost banderatik lau irabazi dituzte Hondarribiakoek.
Oriok laugarren postua lortu zuen etxean, eta Zumaia 10. sailkatu zen Cabo eta Portugaleteren aurretik. Izan ere, azken biek hainbat arazo izan zituzten estropadan zehar. Portugalete, hasieran, ordua baino lehen atera zen, eta ziaboga ematerakoan arazoak izan zituen eta erritmoa jaistea erabaki zuten. Horregatik, arautegian oinarrituta epaileak Portugalete estropadatik kanpo uztea erabaki zuen. Bestetik, Cabori ere hamar segundoko zigorra ezarri zion epaileak, Portugaletek bezala, ordua baino lehen estatxa askatu zuelako.
Oriok laugarren egin du azken bi jardunaldietan
Orioko Arraunketa Elkarteko gizonezkoen traineru nagusiak behetik gora egin du liga hasi zenetik. Lehen estropadan hamargarren sailkatu zen Sevillan jokatu zen estropadan, eta emaitza horrek guztiz markatu dizkio lehen estropadak lehenengo eta bigarren txandan jokatu behar izan baititu. Dena dela, estropadaz estropada sailkapen orokorrean goruntz doa traineru horia. Asteburuko bi estropadetan esaterako laugarren egin du, eta horri esker San Miguel ligako sailkapen nagusian 5. postuan kokatu dago egun, laugarren den San Juanengandik bi puntura.