Mikel Etxeberria zumaiarra hirugarren izan da Goierriko Bi Handiak lasterketan

Urola Kostako Hitza 2016ko uzt. 10a, 13:58

Asteburuan jokatu dira Marimurumendi maratoia, Goierriko Bi Handiak eta Ehunmilak ultra traila. Eskualdeko hainbat lagunek hartu dute parte probetan, eta Etxeberriak podiumean sartzea lortu du.

Eskuinetik lehena da Etxeberria. (Goierriko Hitza) Marimurumendi maratoia, Goierriko Bi Handiak eta Ehunmilak ultra traila jokatu dira asteburuan Goierrin eta inguruetan, eta Urola Kostako dozenaka lasterkarik hartu dute parte proba batean edo bestean. Askok lortu dute probak amaitzea, baina badira bidean utzi behar izan dutenak ere. Dena den, podiumean sartzea lortu du eskualdeko batek: Mikel Etxeberria zumaiarrak hirugarren egin du Goierriko Bi Handiak 88 kilometroko lasterketan. Eskualdeko bigarrena Arkaitz Garaia azpeitiarra izan zen, eta 37. postuan sailkatu zen (13:57:38). Begoña Vaqueriza azkoitiarrak, berriz, 17:36:45 denborarekin bukatu zuen Goierriko Bi Handiak proba, eta emakumeetan 12. helmugaratu zen. Hemen ikus daitezke Goierriko Bi Handiak probaren sailkapena. Bestalde, iaz Ehunmilak 168 kilometroko ultra traila irabazi zuen Imanol Aleson azkoitiarrak ezin izan dio iaz lortutako txapelari eutsi, eta zortzigarren helmugaratu zen atzo, zapatua, arratsaldean, 25 ordu 48 minutu eta 38 segundo korrika aritu ostean. Aleson baino pixka bat geroaro, 27:45:20 denborarekin, 12. helmugaratu zen Aritz Goenaga azkoitiarra. Artzai Ostolaza azpeitiarrak, berriz, 21. postuan bukatu zuen ultra traila (29:33:59). Aldiz, hainbatetan Ehunmilakeko podiumean tokia izatea lortu duen Joxelu Albizurik proba utzi behar izan zuen Amezketa eta Txindoki artean. Hemen ikus daiteke ultra trailaren sailkapen osoa. Ainhoa Larrañaga azkoitiarrak lehen aldiz hartu zuen parte proban, baina ez zuen bukatzerik izan. Etxegarateko kontroletik igaro eta San Adrianera bidean utzi zuen lasterketa hark. Marimurumendi proban ere eskualdeko hainbat lagunek hartu zuten parte. Hemen ikus daiteke proba horretako sailkapena.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide