Ehunmilak probak eskualdeko ordezkaritza zabala izango du

Ana Abarisketa 2016ko uztailaren 8a

(Goierriko hitza) 355 kirolarik parte hartuko dute gaur arratsaldean hasi, eta igandera arte luzatuko den Ehunmilak ultra-trail lasterketan. Proba gogorra da Ehunmilak: 168 kilometro eta 11.000 metroko desnibel positiboa ditu. Beste behin, eskualdeko hainbat lasterkarik parte hartuko dute ultra-trailean, hala nola Azkoitia, Azpeitia, Errezil, Getaria, Orio, Zarautz, Zestoa eta Zumaiako kirolariak izango dira aurtengo Ehunmilaken. Ordezkaritzarik zabalena Azkoitiak izango du, sei herritar izango dira gaur Beasaingo irteeran, 18:00etan. Azpeitiak hiru izango ditu, Zestoak bi eta bana Errezilek, Getariak, Oriok, Zarautzek eta Zumaiak. Imanol Aleson, iaz, Ehumiliak irabazita. (Goierriko Hitza) Orain sei urte egin zen aurreneko aldiz Ehunmilak proba, Beasaingo Arrastaka Mendi Taldeak antolatuta. Eta Imanol Aleson azkoitiarrak ez du hutsik egin ordutik. Hiru aldiz irabazi du proba Alesonek, tartean aurrenekoa eta iazkoa; gainontzean, beste bi alditan bigarren egin du, eta urte batean erretiratu egin zen. Hark Hitzari azaldu dionez, ultra trailetan "egun bakarrean" jokatzen dute dena korrikalariek. "Probara ondo iritsi behar duzu eta egun horretan dena ondo atera behar da. 2010etik sasoia mantendu dut eta pozik nago". Gauean sartuko dira korrikalariak Urola Kosta eskualdean. Mandubiatik Zumarraga-Urretxura joan eta Gorla gaina zeharkatuko dute eta handik Azkoitiko Madariaga auzora joango dira. Xoxotetik behera Azpeitira jaitsiko dira, Erdikaletik herria igaro eta Zelatunera joango dira. "Gustuen egiten dudan tartea Larraitzetik Etxegaratera artekoa da: Txindoki, Aralar, Ganbo Txiki Lizarrustira jaitsiera... Horrez gain, Azkoitia inguruko ibilbidea gauez pasatzen dugu, hori asko ezagutzen dut eta gauez egiten den lekua ezagutzeak asko esan nahi du".

Bukatzea, ederra

Ainhoa Larrañaga proba hasteko "irrikitan" dago. Aurreneko aldiz parte hartuko du Ainhoa Larrañaga, iaz, Goirriko 2 Handiak bukatuta. (Hitza) Ehunmilaken. Proban parte hartuko duen Azkoitiko emakume bakarra da Larrañaga. Iaz, Goierriko 2 Handiak amaitu zuen —88 kilometro eta 6.500 metroko desnibel positiboa du—; eta, orain, lasterketa nagusia probatzea erabaki du. Iazko saioaren oroitzapen politak ditu azkoitiarrak, eta unerik ederrenaz galdetuta, helmugaratzea izaten dela dio: "Jende artetik bukaerara iristea oso polita da". Eta horixe da gaur hasiko den probarako bere buruari jarri dion helburua: "Bukatzea, eta ondo bukatzea". Entrenamenduei dagokionez, ez ditu aldatu. "Beti bezala, ahal dudanean entrenatu dut", dio Larrañagak. Alesonek, berriz, egunero entrenatzen du. "Nik gozatzen dut egunero entrenatzen, eta ahal dudan eta gorputzak uzten didan bitartean hor ibiliko naiz. Etxeko atetik irten, errepidea zeharkatu eta hamar metro egin orduko mendiko pistan sartzen naiz. Hori zortea da", dio.

Ehunmilak eskualdean

Beasain. 18:00etan, gaur. Irteera. Mandubia. 10. kilometroa. Gorlako gaina. 29. kilometroa. Madarixa (Azkoitia). 43. kilometroa. Azpeitia. 53. kilometroa. Zelatun (Errezil). 66. kilometroa. Beasain. 168. kilometroa. Helmuga.

Bertakoak podiumean

2010 1. Imanol Aleson (Azkoitia). 25:14:15. 3. Joxelu Albizuri (Azpeitia). 26:04:54. 2012 2. Imanol Aleson. 24:05:35. 2. Jone Urkizu (Azkoitia). 31:02:00. 2013 1. Imanol Aleson. 22:59:19. 3. Joxelu Albizuri. 25:03:22. 2014 2. Imanol Aleson.24:40:29. 3. Jone Urkizu. 29:33:19. 2015 1. Imanol Aleson. 24:11:29

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide