Emakumezkoen traineruek EuskoTren Ligako txartela izango dute jokoan Orion

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2016ko uztailaren 7a

Orioko estropaden aurkezpena egin zuten atzo Orioko Kanpinean. (Aiora Larrañaga/Hitza) Larunbat arratsaldean Orioko XXVI. Estropadak eta IV. Orio Kanpina Bandera jokatuko dira Oria ibaian. 18:30ean hasiko da arraun hitzordua EuskoTren Ligako lehen jardunaldiarekin, eta gero San Miguel Ligako norgehiagoka jokatuko dute gizonezkoen traineruek. Ibaian egingo direnez, erlojuaren aurkako estropadak izango dira. Orio Arraunketa Elkarteko lehendakari Ibon Huegunek aurkezpenean gogorarazi zuen, itsas denboraleen eraginez kai mutur ingurua txikituta geratu zela duela pare bat urte: «Oraindik ezin da itsasoko arraunketa eremuan estropadarik jokatu. Itsasoak ematen duen espektakulua galdu egin da geroztik, baina gertutasunean irabazi dugu. Zaleak bertatik bertara ikusten dituzte arraunlariek, eta gertutasun horrek xarma berezia ematen dio Orioko estropadari. Polita da ikusleentzat, baina baita arraunlarientzat ere». Ildo horretan, Orioko alkate Joxe Angel Zalduak argitu du kai muturra konpontzen ari direla eta datorren urterako prest izango dela. «Datorren urtean arazoa izango duzue, ibaian edo itsasoan egin erabaki beharko baituzuen», esan zuen alkateak arraun elkartekoei zuzenduz. Sailkapena jokoan Estropaden irteera eta helmuga plaza parean izango dira. Gizonezkoek, hiru txandatan banatuta jokatuko dute estropada. Emakumezkoen mailan, bestalde, zortzi talde ariko dira, txanda bakarrean irtenda. Orioko estropadan IV. Orio Kanpina bandera jokoan izateaz gain, EuskoTren ligarako sailkapen proba ere izango da. Orio Arraun Elkarteko kideak itxaropentsu dira, eta etxeko emakumeen traineruak EuskoTren ligarako txartela lortzea espero dute. «Denboraldia hasi zenetik, lehen hiruren artean gabiltza San Juan eta Hibaikarekin batera, eta EuskoTren ligarako sailkatzea espero dugu. Laugarren posturako lehia estua izango da». Ostalarien mesederako Iaz Bisigua Orio Estilora jaialdi gastronomikoak eta San Miguel eta EuskoTren ligako estropadak asteburu berean izan ziren. Giro polita izan zen herrian, eta jendetza bildu zen, baina herriko ostalarien iritzia entzunda bi asteburutan egitea aproposagoa dela uste du alkateak. Horregatik, oraingo asteburuan estropadak izango dira eta hurrengoan Bisigua Orio Estilora jaialdia. ESTROPADAK IV. Orioko Kanpina Bandera - 18:30ean jokatuko da Oria ibaian. Irteera eta helmuga plazaren parean izango dituzte. - 2.778 metroko ibilbidea osatu beharko dute emakumezkoen traineruek, bi luze eta ziaboga batera. Orioko XXVI. Estropadak - Emakumezkoen estropadaren ondoren jokatuko da. Irteera eta helmuga plazan izango dira. - 5.556 metroko ibilbidea osatu beharko dute San Miguel ligako traineruek, lau luze eta hiru ziabogatara.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide