Ismail Razga, Andutzen gora. (Gorka Zabaleta)
Ismail Razgak sekulako erakustaldia eman du gaur Flysch Trail lasterketan. Andutzen gora estutu du erritmoa eta han egin du zulo erabakigarria. Gero Salsamendin gora eta handik Zumaiara aldea zabaldu baino ez du egin marokoarrak. Helmugara erlojua seinalatuz iritsi da, errekorra haustear zela jakitun. Eta halaxe izan da. Gero, esan duenez, ez zuen errekorra egiteko asmoa: "Gozatzera etorri naiz, oso lasterketa polita delako. Oso ondo ikusi dut nire burua eta maldan gora erabaki dut erritmoa bizitzea, eta hor hautsi da lasterketa". Daniel Garcia eta Pablo Villalobos izan dira bigarren eta hirugarren.
Emakumeen lasterketan Azahara Garciak irabazi du, bigarrenari eta hirugarrenari alde dezente aterata. Emakumeen lasterketan, ordea, Oihana Kortazarrek izandako despistea izan da albiste. Oihana bigarren postuan zihoan, Azahararengandik pare bat minutura. Andutzen gora ondo ikusi du bere burua eta atzean utzi du Gemma Arenas. Baina, Andutzetik Salsamendira, aldapan behera hasi direnean, bidegurutze batean despistatu eta bidea galdu dute. Ohartu eta bide onera itzuli direnerako 15 minutu galduak zituen Oihanak. "Ikusi ditugu zinta batzuk eta pentsatu dugu handik zela; gero konturatu gara Orbeako zintak zirela, ez lasterketakoak. Baina atzera egin dugunerako denbora asko galdu dut. Momentu horretan ez nekien zer egin, jarraitu edo utzi, baina pixkanaka aurrera egin dut eta azkenean hirugarren postua lortu dut behintzat".
Albistea osorik,
Baleike.eus-en.