KAE 1 Ligako estropada Santurtzin. (Irade Ruiz)
Traineru ligek hartu dute martxa, eta asteburuan arraun talde guztiek izan dituzte estropadak. Emaitzei dagokionean aurreko jardunaldiekin alderatuz aldaketa txikiak izan dira. San Miguel Ligan jokatzen duten traineruek bi estropada izan dituzte asteburuan. Larunbatean Astilleron erlojuaren aurka aritu ziren, eta oriotarrek lan ona egin zuten. Lehen txandan atera baziren ere, laugarren postuan sailkatzea lortu zuten, eta horrek, hurrengo egunean Zierbenan ohorezko txandan jokatzeko aukera eman zien.
Zierbenakoa TKE Ligako denboraldiko itsasoko lehen estropada izan zen, eta bandera irabazteko aukerak zabalik daudela erakutsi zuten traineruek. Izan ere, erlojuaren kontrako saioetan orain arte Hondarribia gailendu bada ere, igandean San Juanek irabazi zuen bandera. Larunbatean Astilleron 10.na izan zen San Juan, baina igandean ohorezko txandako traineruek baino denbora hobeagoa egitea lortu zuen, eta bandera irabazi zuten. Oriok ohorezko txandan jokatu zuen, baina ezin izan zuen Hondarribia, Urdaibai eta Kaikuren erritmoa jarraitu eta atzean geratu zen.
Zumaiarrek ere egin zuten urratsa itsasoan, igandeko lehian 11.nak izan baitziren sanpedrotarraren atzetik. Gainera, Unai Osa patroia 2016ko patroirik onenaren lehian lehen postuan kokatuta dago.
Orioko neskak podiumean
Emakumezkoen Gipuzkoako Traineru Ligan oriotarrak hirugarren postuan sailkatu ziren, eta 6. izan zen Getaria-Zarautz. Emaitza erregularrak lortzen ari da talde horia denboraldiko lehen estropadetan, eta larunbatean Eusko Tren Ligarako txartela eskuratzeko aukerak izan ditzazkete oriotarrek etxean.
KAE Ligako traineruek Santurtzin izan zuten hitzordua igandean eta Getaria izan zen eskualdeko taldeen artean azkarrena 5. postuan sailkatuta. Oriok eta Zarautzek 7. eta 8. egin zuten hurrenez hurren.