'Gorriti eta bere animaliak' ikuskizuna debekatzea eskatu dute

Urola Kostako Hitza 2016ko ekainaren 28a

Acción Para el Respeto Animal herri plataformak 59.000 sinadura bildu ditu, Eusko Jaurlaritzari eta hiru aldundiei ikuskizuna debekatzea eskatzeko.

'Gorriti eta bere animaliak' ikuskizuna, Errezilen. Acción Para el Respeto Animal herri plataformak 59.000 sinadura bildu ditu, Eusko Jaurlaritzari eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiei Gorriti eta bere animaliak haur-ikuskizuna debekatzea eskatzeko. "Umeek basurde txikiak eta beste animalia babesgabe batzuk jazartzen" dituzte, plataformak salatu duenez. Ana Moreno plataformako bozeramaileak agiri batean azaldu duenez, ikuskizun ibiltariak "Animalien Babeserako Euskadiko Legea urratzen" duela "bistakoa" da: "Konkretuki, araudiko 4.2 artikulua urratzen du". Gorriti eta bere animaliak ikuskizun "lotsagarria" dela salatu du plataformak. "Haurrentzako ekitaldi bat bezala mozorrotuta Euskal Herriko jaietan ibilbidea egiten du, zaratarekin eta musikarekin herriz herri animaliak jazarriz eta estresatuz". "Ikuskizun iraingarria debekatzeko" eskatu du plataformak, eta erakunde publikoek legea betearazi eta umeen hezkuntza bermatu behar dutela gogorarazi du. "Haurrak errespetuan hezi behar dira, ez animalia babesgabe batzuen sufrimenduarekiko mespretxuan", azaldu du plataformak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide