Erriberako kantoira itzuli da

Baleike.Eus 2016ko ekainaren 28a

Aita Mariren irudia Erribera kaleko kantoian jarri dute berriro, bi hilabeteko zaharberritze lanaren ondorioz. Uztailaren 23an ospatuko da bere omenezko eguna.

Denboraren poderioz, euriak eta kresalak janda, nahikoa egoera kaskarrean zegoen Erribera kaleko kantoiko Aita Mariren harrizko irudia. Derrigor zaharberritu beharra zegoela ikusi zuen udalak, are gehiago bere heriotzaren 150. urteurreneko ospakizunak gainean direla aintzat hartuta —uztailaren 23an egingo da festa eguna—. Artelanak zaharberritzen adituak diren Rakel Nacenta eta Idoia Idigoras arduratu dira lanaz. Komentuko sukaldea erabili dute tailer modura, eta han egin dizkiote Aita Mariri egin beharreko konponketa guztiak. Atzo goizean, lanak amaituta, Erribera kaleko kantoian jarri zuten berriro, garai bateko distira berreskuratuta.

"Arazorik larriena harriaren egoera zen", azaldu dute Nacentak eta Idigorasek. Balear Irletan oso ohikoa den mares motakoa da harria —mallorkarra zen Jacint Mateu egilea—, oso zuria eta porositate handikoa. "Hezetasunaren ondorioz, desegin egiten zen. Hainbat zati janda zeuzkan, sudurrean pusketa falta zitzaion eta nahikoa zen ukitzea hondar bihurtzeko".

Atzealdea ere oso egoera txarrean zegoen, kolpeak eta pitzadurak zeuzkan nonahi. Beraz, pintura geruzak kendu, harria garbitu eta gogortzea izan zen lehen egitekoa.

Behin hori lortuta eta falta ziren zatiak berreginda —sudurra, esate baterako—, azken emaitza erabakitzea ere ez omen da erraza izan. Jatorrizko irudia nolakoa zen ez dago inon dokumentatuta, ez dago argazkirik. Horregatik, estratigrafia bat egitea erabaki zuten: "Azken finean, harriaren gainean dauden geruza guztiak aztertzen dira, zenbat geruza dauden, ezaugarriak...". Guztira, 16 geruza agertu dira, eta batzuk deigarriak: "Kolore urdina ere agertu da tartean". Jatorrizkora ahalik eta gehien hurbiltzen ahalegindu dira, gaur egungo pintura eta teknikak erabiliz. Pinturaren gainean lau barniz geruza eman dizkiote, babesteko.

Irudiaren plaka ere zaharberritu dute. Herdoilak janda zegoen eta orain beste distira bat erakusten du. Uztailaren 23an ospatuko da Aita Mari eguna, eta ordurako prest dago irudia. Bere zapi eta guzti.

Urte seinalatua

Urtarrilaren 9an bete ziren 150 urte Jose Maria Zubia Zigaran Aita Mari  hil zela, itsasoak irentsita, galerna baten erdian arrisku bizian zegoen ontzi bateko marinelak erreskatatu nahian zebilela. Bere bizitzari buruzko datu askorik ez dago, baina pertsonaia maitatua da oraindik ere herritarren artean, Zumaian zein Donostian. Hain zuzen ere, Aita Mariri buruz informazioa biltzeko ahalegina egin dute Javier Carballo eta Xabier Alberdi ikerlariek, eta uztailaren 13an emango dute ezagutzera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide