Mito handiak elikatzeko erdi-gezurrezko kontuak adina behar izaten dira egia zatiak ere. Eta LGTBI jendearen exilioaren mitoak ere bietatik izango du segur aski. Baina, berbera izan al da denen ixtoria? Ba ez, denena ez, baina askorena izan da. Eta idatzi dira liburuak, eta egin dira filmak, eta sortu da nolabaiteko mitologia gure herrietatik Londresera, Bartzelonara edo Parisera "alde egin behar izan" zuten maritxu, lesbiana eta transbintersexualekin, hemengo estuasunetik libre bizi nahi zutenak aipatutako guztiak. Orduko gizarte itxi, kontserbadore eta moralki itogarriak ez zeukan tarterik gu bezalako jendilajearentzat. Eta ihes egin behar izan zuten, zilborresteak ezinbestean etenaz: familiarena, lagunena, lankideena...
Sexilioa, badakizue. Arakatzen hasiz gero, nork ez du topatuko horrelako kasuren bat herrian. Baina, ordukotik gaurkora jauzi eginda, orain ba al dago erbesteratze sexualik Euskal Herrian? Berdin al dio Baztangoa edo Bilbokoa izan? Gure sexu praktikek zenbaterainoko pisua dute bizilekua hautatzerakoan? Leku aldaketa horien atzean benetako hautu librea al dago? Galderak erantzunen bila dabiltza.
Duela 30-40 urteko erantzunak kolore bakarrekoak izango ziren gehienetan, apaizen sotanak bezala, gizartearen balioak ere berdinduagoak zeudelako orduan. Gaur egun, ordea, askotariko egoerak topatu daitezke, baita baserri giroko herri txikienetan ere. Zorionez. Orain dela 16 urte, hiru ziento biztanleko jaioterria utzi eta Bilbora ikastera joateko erabakia hartu nuenean, ez dakit zenbateko pisua izango zuen nire gaytasunak, seguru asko orduan uste nuena baino handiagoa. Baina alderik ba al dago orain 18 urte dituzten herrikide ostadarzaleekiko? Gurasoekin sexualitateaz hitz egiteko ohitura sanoagoak al dituzte? Kuadrillakoek ba al dakite euren laguna ez dela heteroarauan kabitzen? Eta hala bada, kuadrillakoak zenbateraino saiatzen dira bidea errazten sexu aukera hori hezurmamitu dadin? Erantzunen bila dabiltza galderak.
Artikulu osoa,
Berria.eus-en.
Xabi Aizpurua Ugarte kazetaria eta filologoa. Oikia.