Iazko danborradako irudia. (Baleike.eus)
Bihar, asteartea, hasiko dira San Pedro festak Zumaian, eta zapatura arte izango da zer gozatu herrian. 18:00etan botako dute festei hasiera emango dien suziria, eta hainbat ekitaldi izango dira lau egunez.
Bihar, gainera, 18:45ean hasita, danborrada izango da Herri Eskolatik abiatuta. Sanpedroetako danborradaren errepikarekin igoko dute Zumaiako bandera udaletxeko balkoian 20:00etan, eta azken hamabi urtetan danborradaren zuzendaritza batzordeko kideak izango dira horretaz arduratuko direnak: Joxe Mari Zubimendi, Vicky Sanchez, Juancar Martinez, Arritxu Bidasoro, Igone Balenciaga, Juan Ramon Urbieta, Mila Zubieta eta Imanol Aldabaldetrecu.
Aurten, berrikuntza bezala, Beheko Plaza abesbatzaren laguntza izango du danborradak hiru lekutan: udaletxearen aurrean, San Pedro parrokiaren aurrean eta Aita Mariren bustoaren azpian. Errepertorioko bi obra abestuko ditu:
Porrusalda eta
Habanera. Aita Mariren heriotzaren 150. urteurrena gogoratzeko,
Aita Mari abestia kantatuko dute haren bustoaren azpian.
San Pedroetako egitaraua,
hemen.