EAJ izan da alderdi bozkatuena Urola Kostan, Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan: 12.323 boto lortu dituzte jeltzaleek Espainiako kongresurako, eskualdeko 11 udalerrietan.
Bigarren indarra EH Bildu koalizioa izan da, 9.425 botorekin; eta
hirugarrena, Elkarrekin Ahal Dugu taldea, 8.471 botorekin.
EAJk zein EH Bilduk jaitsiera pairatu dute boto kopuruan, 2015eko hauteskundeekin alderatuz gero. Jeltzaleek 773 boto galdu dituzte, eta EH Bilduk 1.685. Elkarrekin Ahal Duguk 631 boto gehiago jaso ditu.
Espainiako taldeek, oro har, ondu egin dituzte emaitzak: 2.877 boto lortu ditu PSOEk, abenduan baino 65 boz gehiago; eta 1.817 boto eskuratu ditu PPk, aurreko bozetan baino 105 gehiago. Ciudadanosen zifra, aldiz, apaldu egin da: 718 boto jasotzetik, 545 eskuratzera igaro da. Hau da, 173 boz gutxiago lortu ditu.
Udalerriz udalerriko datuen bilketa eta alderaketak egin ditugu:
Bihar argitaratuko ditu HITZAk senatuko ordezkarien izenak, oraindik kontaketa lanetan ari baitira.
Gipuzkoan, Elkarrekin Ahal Dugu
Elkarrekin Ahal Dugu taldea izan da bozkatuena Gipuzkoan. 103.523 boto lortu dituzte, pasa den abenduan baino 5.664 boz gehiago jaso ditu alderdiak. 2015eko abenduaren 20an, 97.859 boto lortu zituen. EAJ izan da bigarren indarra, 84.670 botorekin. Jeltzaleek 6.373 boto galdu dituzte, azken hauteskundeekin erkatuz gero. EH Bildu hirugarren indarra izan da, eta koalizioak jasan du boto jaitsiera handiena: 69.440 boto eskuratu ditu, abenduan baino 11.440 gutxiago.
Beraz, honela banatu dira Gipuzkoako eserlekuak: Elkarrekin Ahal Duguk bi eserleku izango ditu Espainiako kongresuan, beste bi EAJk, bat EH Bilduk eta beste bat PSOEk.
Espainiako estatuan, PP lehen indarra
Espainiako estatuari dagokionez, PP izan da indar bozkatuena, eta 137 eserleku eskuratu ditu. Haren ondoren gelditu da PSOE 85 aulkirekin. Hirugarrena Elkarrekin Ahal Dugu izan da –71 eserleku–; laugarrena, Ciudadanos –32 eserleku–; bosgarrena, ERC –9 eserleku–. Ondoren daude, Euskal Herriko talde abertzaleak: EAJ bost eserlekurekin, eta EH Bildu bi ordezkarirekin.
Emaitzak horrela, inork ez du lortu gehiengo osoa lortzea, eta berriro ere behartuta daude ordezkari politikoak adostasunak aurkitzen saiatzera. Informazio gehiago,
berria.eus atarian.