'Museora Itsasontziz' programak Getaria eta Donostia lotuko ditu

Getariako Hitza 2016ko ekainaren 23a

[caption id="attachment_306860" align="aligncenter" width="300"]Museora Itsasontziz programaren aurkezpena. (Cristobal Balenciaga Museoa) Museora Itsasontziz programaren aurkezpena. (Cristobal Balenciaga Museoa)[/caption] Bisitariei itsasoaz gozatzeko, kostaldeko kultura ezagutzeko eta Gipuzkoako kultur ondarean murgiltzeko aukera eman nahi diete aurtengo udan, eta horretarako Museora Itsasontziz programa martxan izango da uztailaren 3tik aurrera. Honek bi ibilbide izango ditu. Alde bateti, Balenciagaren Itsasoa irteera eskainiko dute, bertan bisitariak itsasontziz joango dira Donostiatik Getariara; bertan Cristobal Balenciaga Museoko erakusketak bisitatuko dituzte, eta bukatzeko Getariako portuan bertako produktuak dastatuko dituzte. Irteeran zehar gidari batek Balentziagaren biografia eta itsas ondarearen inguruan azalpenak emango dizkie parte-hartzaileei euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez edota frantsesez. Bigarren ibilbidea, Kantauri Itsasoa deskubrituz irteera da, eta horren bidez Urola Kostako herritarrek eta Urola Kosta ezagutzera hurbiltzen diren bisitariek Getariatik Donostiara itsasontziz joan eta hiriburuko Aquariuma bisitatzeko aukera izango dute. Itsas ibilaldian zehar, gidari batek Kantauri itsasoko kulturaren berri emango die herritarrei, eta Aquariumean Gipuzkoako itsas ondarea ezagutzeko aukera izango dute. Cristobal Balenciaga Museoko arduradunak oso gustura daude ekimenarekin, eta uste dute museoak lurraldean presentzia handiagoa izateko aukera aproposa dela "turismo-gaitasun handiko bi udalerri lotzea eta Cristobal Balentziagaren figurari lotutako kostaldea nabarmentzea. Lurraldearen ikuspuntutik, proiektu honek Donostia eta Getaria beste modu batera lotuko ditu, fisikoki eta kontzeptualki". Irteeraren batean parte hartu nahi dutenek informazio osatua, erreserbak egiteko eta txartelak erosteko aukera izango dute Cristobal Balenciaga Museoan bertan, 943 008840 telefono zenbakira deituta edo info@cristobalbalenciagamuseoa.com helbidera idatzita. Baita, Donostia Turismoren bulegoan eta Donostiako portuan, Ciudad de San Sebastian katamaranaren txarteldegian. Hurrengo egunetarako antolatu dituzte irteerak: uztailaren 3, 17 eta 31rako, eta abuztuaren 7rako eta 21erako.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide