Getariarren ontzia bigarrena izan da KAE 1 ligako lehen estropadan

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2016ko ekainaren 21a

Pasa den denboraldiko Getariako trainerua. (Klausser) Asteburuan abiatu dute traineru denboraldia eskualdeko arraun taldeek, eta sentipen gazi-gozoak izan dituzte. Alde batetik, getariarrak gustura dira, KAE 1 ligan Deustuan jokatu zuten lehen estropadan bigarren postuan sailkatu baitziren Ondarroaren atzetik. «Oso gustura gaude egindako lanarekin. Aurre denboraldiko estropadetan proba batzuk egiten aritu ginen, eta uste baino emaitza okerragoak lortu genituen. Dena dela, entrenamenduetan ondo ibili gara, eta ligako lehen estropadan gure maila erakutsi dugu», azaldu du Gorka Etxeberria Getariako traineruko entrenatzaileak. Behin sailkapeneko goialdeko postuetan kokatuta, denboraldian zehar horri eustea da getariarren asmoa. Bestalde, oriotarren harrobiko taldea zortzigarrena izan zen Deustuan, eta Zarauzko trainerua hamargarren postuan sailkatu zen. Igandean Zarautz Arraun Elkarteak Zarauzko Musika Plazan egin zuen aurkezpenean Angel Larrañaga entrenatzaileak aitortu zuen larunbatekoa ez zela euren estropadarik onena izan, «baina nik uste dut ilusio politarekin eta gora begira jarrita gaudela». Larrañagak nabarmendu zuen laupabost talde goian daudela, «urte batzuetako proiektu egonkorra dutenak, eta horiei aurrea hartzea aurten kostatu» egingo zaiela. Dena dela, «horiek alde batera utzita», erdiko postuen bila joan behar dutela uste dute. Emakumeek ere asteburuan hasi dute Gipuzkoako emakumezkoen traineruen liga. Hondarribian jokatu zuten estropada igande arratsaldean, eta San Juanek lortu zuen bandera. Orio bigarrena izan zen, eta Getaria-Zarautz laugarren postuan sailkatu zen. Emaitza horiek garrantzitsuak dira, Eusko Tren Ligako sailkapen estropadei begira, taldeak zein mailatan dauden agerian uzten baitute. Hasiera zaila Bestalde, igandean San Miguel ligaren barruan Euskadi Basque Country Bandera jokatu zuten Kantauri itsasoko ontzi azkarrenek Sevillan (Andaluzia, Espainia) Gualdalquivirreko uretan, eta eskualdeko taldeak uste baino emaitza okerragoak lortu zituzten lehen jardunaldian. Sailkapen nagusian 9. egin zuen Oriok (19:39,40) eta 12. Zumaiak (19:58,52). Zumaia lehen txandan lehiatu zen eta Portugaleterekin batera jokatu zuen erlojupekoa. Lanaren erdian bi traineruak pare-parean ibili ziren, baina hirugarren ziabogan Portugaletek aurrea hartu zion traineru gorriari, eta azkenean, Jarrillera ontzia Telmo Deun baino bederatzi segundo azkarragoa izan zen. Lehen txandan laugarren postuan sailkatu zen eskualdeko trainerua. Nahiz eta zumaiarrak azkenak izan igandeko estropadan, argi dute «liga hasi baino ez da egin, eta oraindik asko dago jokatzeko. Lanean jarraituko du gure taldeak orain arte bezala, eta helduko dira emaitza hobeak», adierazi dute arraun elkartetik. Oriok ohorezko txandan jokatu zuen San Miguel ligako lehen estropada, baina ez zuen lortu lehen postuetan sailkatzea. Kaikuk eta Oriok parez pare jokatu zuten erlojupekoa, Hondarribia eta Udarbairen txanda berean. Estropadaren lehen zatian Hondarribia, Urdaibai, Orio eta Kaiku lau segundoren bueltan ibili ziren, nahiko paretsu. Dena dela, Hondarribiak lan bikaina egin zuen eta Orio eta Kaiku atzean geratu ziren. Orioko entrenatzaile Joxean Olaskoaga Aizperro-ren iritziz «pena da» liga modu horretan hastea. «Ez genuen estropada txarra egin, Kaikurekin lehia estua jokatu genuen. Dena dela, ohorezko txandarako haizea atera zen», eta horrek gainontzeko txandetan jokatu zuten ontziekin alderatuta denboretan diferentzia sortu zuela uste du oriotarrak. «Hirugarren luzean haizea kontra genuen. Kaikuk babesetik joateko aukera izan zuen eta aurretik jarri zitzaigun, gure artean bederatzi segundoko aldea sortuz». Lehenengo eta bigarren txandetan jokatu zuten hainbat traineruk oriotarrek baino denbora hobea egin zuten igandean; hamar segundoko tartean zazpi traineru sailkatu ziren, eta sailkapen orokorrean Oriok bederatzigarren postua lortu zuen. Hondarribia izan zen azkarrena, ibilbidea 19:22,86 denboran osatuta. Aizperrorentzat hasieratik ondo hastea garrantzitsua da, «puntuetan diferentzia izanda zaila baita ohorezko txandara hurbiltzea». Dena dela, «estropadaz estropada» joan behar dela uste du oriotarren entrenatzaileak, eta hurrengo estropadetan sailkapenean aurrera egitea espero du. San Miguel ligako lehen jardunaldian ezustekoa Astillerok eman zuen, lehen txandan Zumaia, Portugalete eta Zierbenarekin jokatu eta estropadan zehar aurrelariari arraun txikia apurtu bazitzaion ere, sailkapen nagusian hirugarren postua lortu baitzuen Hondarribia eta Urdaibairen atzetik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide